GARA
ZUMAIA

Balenciaga Ontziola iraungitze EEE bat negoziatzen hasiko da; plantillak borrokan segituko du, jarraipena bermatzeko

Balenciagako langileek egindako manifestazioa.
Balenciagako langileek egindako manifestazioa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Iragan abenduan hartzekodunen konkurtsoan sartu zen Zumaiako Astilleros Balenciaga, eta, enpresa batzordeak iragarri duenez, «laster» langile guztientzako EEE bat negoziatzen hasteko zain daude. Zehazki, ohar batean atzo aditzera eman zuenez, zuzendaritzak eta konkurtso administrazioak horixe jakinarazi zieten joan den asteartean, konpainiaren egoera aztertzeko egindako azken bileran.

Ontziolaren plantillak elkarretaratzea egingo du urtarrilaren 30ean, Zumaian, udaletxean egingo den osoko bilkurarekin batera.

Enpresa batzordeak esan du langileentzat «funtsezkoa» dela osoko bilkura horretan EH Bilduk, EAJk eta PSEk, «enpresaren salbazioan aktiboki lan egiteko» eskatuz aurkeztutako mozio bat babestea. Izan ere, joan den asteartean zuzendaritzarekin eta konkurtso administrazioarekin izandako bileran adierazi zieten «jarduerari eusteko erosleak egon zitezkeela, baina ez zegoela akordio irmorik».

«Aldi berean, iraungitzeko enplegu erregulazioko espediente bat negoziatzeko abisatuko digute, langile guztiak kalean uzteko», azaldu dute enpresa batzordekoek.

ZIURGABETASUN EGOERA

Oharrean Balenciagako langileek salatu dute «ziurgabetasun egoera berarekin» jarraitzen dutela, baina gaineratzen dute borrokan segituko dutela «lanpostuek eta baldintzek jarraipena ziurtatuta izan arte».

Alde horretatik, nabarmendu dute abenduan Ekonomia Ministerio espainolarekin eta Lakuako Gobernuarekin izandako bileran batzordeari proposatu zitzaion proiektua jada ez dela aukera bat.

«Ekonomia Ministerioarekin izan dugun bilera bakarra denbora galtzea izan da», gaitzetsi dute langileek. Horiek hala, batzordeak inplikatutako administrazioei «akordio bat errazteko» eskatu diete, Astilleros Balenciaga «erabat bideragarria delako, zenbait enpresak hilabete hauetan erakutsi duten etengabeko interesak erakusten duen bezala».