Imanol INTZIARTE
DONOSTIA
Interview
JON MATTIN MATXAIN
EHUren Kimikako fakultatearen dekanoa

«Etxean zerbait kozinatzen dugunean, kimika egiten ari gara»

Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Kimikako fakultateak mende erdia beteko du aurten. Bost hamarkada hauek ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, bai barrura bai kanpora begira. Jon Mattin Matxain nafarra dekano berri izendatu dute orain dela gutxi. Berea izango da, hortaz, ardura nagusia.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Orain dela gutxi hartu duzu dekano kargua. Zer moduz doa hasiera?

Olatuak harrapatu nau, gauza berriak ikasten, kudeaketa berriak ikasten… Berrogei eta hamargarren urteurrenaren ospakizunetan abiatuko gara; orduan, lan asko, lan ezberdinak, baina ilusio handiz nabil.

Gauzak asko aldatuko ziren 50 urteotan...

Ni lehen aldiz 1993an etorri nintzen, orain dela hogei eta hamar urte baino gehiago. Eta orduan fakultatea oso ezberdina zen, bai barrutik, bai kanpotik. Lehen askoz ikasle gehiago zeuden, orain gutxiago. Hala ere, gorantz goaz.

Ikerketa aldetik, fakultate gero eta potenteagoa da. Bere hastapenean, zerotik abiatu ziren irakasleetatik ikertzaile asko egon ziren; gaur egun, nolabait, gurpila martxan dago. Uste dut, fakultate bezala, erronka berriei aurre egiteko prest gaudela.

Orain dela aste pare bat aurkeztu zenuten nola ospatuko duzuen urteurren biribil hau.

Gure ideia da urte osoan zehar ospatzea, gurekin lanean egon diren eragile guztiekin eta gizarte osoarekin. Gipuzkoan horrelako fakultate bat edukitzea gizarte guztiaren garaipen bat da. Hasieran ez zegoen ezer, eta sekulako garapen ekonomikoa eta ezagutza ekarri du Donostiara eta Gipuzkoara... Euskal Herrira, esango nuke. Hori ere aldarrikatu behar dugu.

Izango ditugun aktibitateak lau multzo handitan sailkatu ditzakegu. Bat izango da dibulgazio aktibitateena, eta horiek gizarte osoarekin partekatu nahi ditugu. Beste batzuk izango dira ikerkuntza jarduerak, eta horiek ikerketa zentroekin ospatuko ditugu. Hirugarren atala transferentzia jarduerak izango dira, enpresekin eta ikasle ohiekin ospatuko ditugunak. Eta laugarrena izango da Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa, kimika ikasketak nolakoak diren aurkezteko. Horrez gain, gure ospakizun propioak egingo ditugu, fakultate barruan.

Gizarteari begira, agian dibulgaziokoak izango dira interesgarrienak. ‘Hamabi hilabete, hamabi gai’ izeneko jarduera bat prestatu dugu. Hilabete bakoitzeko gai bat aukeratu dugu, eta gai horrekin hitzaldi bat antolatuta daukagu Donostia Kulturarekin eta Physics Centerrekin batera.

Modu honetan gizartera aterako gara, baina era berean gure ateak irekiko ditugu, gizarteak gu bisitatzeko. Hala, hilabetean behin bisita gidatuak prestatu ditugu, azken asteazkenean. Denak beteta daude jada, interes itzela dago. Ikastetxeek eta jubilatu elkarteek bete dute dena.

Zetak musika taldeak bezala egin beharko duzue, data gehiago jarri…

Ba, hori pentsatzen ari gara; eskaera egon badago, baina gure indarrak ondo neurtu behar ditugu. Gustatuko litzaiguke, agian egun berean txanda bat egin ordez bi egitea.

Esandako hilabeteko gai horrekin, Kultura Zientifikoko katedrak dituen blogetan dibulgazio artikuluak idatziko ditugu, euskaraz zein gaztelaniaz. Eta adostuta dauzkagu elkarrizketak dibulgazio irratsaioetan, ‘La mecánica del caracol’ gaztelaniaz eta ‘Norteko ferrokarrila’ euskaraz. Eta gai bakoitzeko bideo bat ere grabatuko dugu.

Kimika eremu oso zabala da eta leku guztietan dago.

Gure munduan dena da kimika. Gu kimika gara, arnasten dugunean gure gorputzean erreakzio kimikoak gertatzen dira etengabe. Hori da guk islatu nahi duguna. Oso transbertsala da, eta beste zientzia askorekin lotura sendoak ditu. Eta denok egiten dugu kimika: etxean zerbait kozinatzen dugunean, kimika egiten ari gara. Denok gara kimikariak, nahiz eta ez konturatu.

Mende erdian gauza asko aldatu dira. Kimikaren mundua emakumeen presentziari dagokionez ere aldatu al da?

Bai. Aspalditik, ikasleriaren artean, ehuneko berrogei eta hamar baino gehiago emakumeak dira. Tesien kontuan, baita ere. Ikertzaile nagusien artean, hor jendea helduagoa da eta agian oraindik ez dute lortu behar duten merezimendua. Baina beste esparru guztietan emakumeen presentzia oso garrantzitsua da. Garapen profesionalean beste lan batzuek dituzten arazo berdinak topatzen dituzte, oraindik egiteko asko daukagu.

Zenbat ikasle daude orain?

Gradu ikasketan 400 ikasle inguru. Gero master desberdinak ditugu, eta hor 50-75 ikasle daude, urteen arabera. Eta badaude doktoretza egiten duten ikasleak ere; hauek kontratua dute. Ikasleak deitzen diegu titulu bat lortuko dutelako, baina langileak dira.

Orain hasi zara dekano lanetan. Zailtasun batzuk eta beste hainbeste erronka egongo direla pentsatzen dut…

Esango nuke Kimika fakultateak gaur egun dituen erronka nagusiak direla, alde batetik, Bigarren Hezkuntzako ikasleei begira jarrita, kimika pasio bat bezala ikusi dezaketen horiek erakartzea. Gustatuko litzaiguke jendeak kimika ikastea lehenengo aukera bezala.

Beste erronka bat eraikinari dagokiona da. Zaharkituta ditugu zenbait instalazio. EHUko errektoretza talde berria sartu dela-eta, aukera polita daukagu agian berrikuntza bat egiteko, batez ere laborategian. Hirugarren erronka bat ikerketan eta transferentzian daukagu. Ikerketa zentroekin eta enpresekin daukagun kolaborazioa estutzea.