Maria Paz Jimenez, historiak ahanzturan utzi duen margolaria, Kubo Kutxan
“Euskal artea” deitutakotik at utzi zuten Maria Paz Jimenez. Protagonismoa gizonena zen. 1975. urtean hila, ez da artearen historiara pasatu. Emakume, ijito eta margolariak garaiko moldeak apurtu zituen. Zorra kitatzera dator Haizea Barcenilla eta Ane Lekuonaren komisariotzapean Kubo Kutxan ateak irekiko dituen erakusketa.

Bere garaian arte munduan izena eta sona izanagatik, gugana fokuetatik kanpo iritsi den artistaren lana ezagutzeko aukera eskaintzen du Kubo Kutxak. Emakumea, ijitoa eta artista, polifazetiko eta abangoardistatzat har daiteke Maria Paz Jimenezen (Valladolid, 1909-Donostia, 1975) ekoizpena.
Surrealista izan zen 40eko hamarkadan, postkubista ondorengo hamarraldian, eta aitzindaria abstrakzioa besarkatuz sortutako lanak erakusten espainiar Estatuan. Onespena jaso zuen ondorengo urteetan.
Erakusketan sartu eta berehala ikus daitekeen bere argazkiak -ile motza, zigarroa eskuan, eta begirada indartsua- garbi islatzen du Jimenezen izaera. «Oso berezia, ertz asko dituena, modernoa eta abangoardista»; hala definitu dute Jimenez komisarioek. «Bere lanetan suma daiteke ze aurreratua izan zen», adierazi dute.
FRANKISMO BETEAN
Naif-tzat hartu izan dira bere zenbait obra. Lehen itxuran ikusten denaz harago begiratzera gonbidatu dituzte bisitariak komisarioek, frankismo betean egindako lanak izanik.
30 urteko ibilbidean atzera begira jarri eta 133 lan ikusgai jarri dituzte Haizea Barcenillak eta Ane Lekuonak. Jimenezen garrantzia ulertzeko zenbait gako aipatu dituzte prentsaurrekoan eta hedabideontzat egindako ondorengo bisitan.
Ijito familia feminizatu batetik zetorren margolaria, eta senitartekoak -ama, ahizpa eta senarra, Alfredo Bizcarrondo, Bilintxen biloba- alboan izan zituen. Rosario ahizpa flamenko dantzaria zen eta berarekin lotzen zuen konplizitatea ikus daiteke zenbait margotan. Bere komunitatearen babesa izan zuen.
UNIBERTSO EMANKOR BEZAIN ZABALA
Kubo Kutxa hartu duen erakusketak Jimenezen unibertso emankor eta zabala jarri du agerian, historiak sortzailearekin duen zorra kitatu nahian. Haren izena eta pintura euskal artearen historia modernoan merezi duen lekuan kokatu ahal izango da modu honetan.
Harriduraz hartu zuten komisarioek Jimenez «hain ezezaguna» izatea. «Egin beharreko» erakusketa da atzo aurkeztu zutena, bien esanetan. Gelaz gela, Jimenezek sortutako margoen bilakaera ikusiko du bisitariak, bizitzako etapa bakoitzarekin bat eginda. Aro surrealistak irekitzen du erakusketa, 1937tik 1945era doana. Hortik 1949ra egindako “monigoteak” datoz ondoren. Esperimentazioa nagusituko da 1949tik 1955era doan aldian.
Informalismo materikora lerratu zen Jimenez 1955etik 1961ra. “Misterioaren ehundurak” izenburupean aurkeztu dute komisarioek 1965etik 1974rako etapa. Eta “Itxierarik gabeko amaiera” atalak ematen dio bukaera bisitari.
Kolore ilunak garai batzuetan, biziak beste batzuetan, erretratuak, natura hilak, lan abstraktuak... denetarik egin zuen. Bere lan esperimentalek esperotako erantzuna jaso ez zuten urteetan erakusketetan merkatuaren nahiari men egin arren, ez zion sekula utzi bere bilaketa artistikoari.
AUTODIDAKTA
Bere kabuz ikasi zuen Jimenezek margotzen eta Argentinan erbestean zegoela hasi zen modu profesionalean lanean.
«Margolaria sentitzen naiz guztiz, bai, gauza guztien gainetik. Margotzeari utziko banio, pentsatzen dut zerbait gaizki legokeela. Ez pentsatu atsekabetzen nauenik autodidakta izateak. Uste dut abantaila ugari dituela. Eremu honetan, beste guztietan bezala, burua garbi eta nahi duzuna hautatzeko aske edukitzeko aukera ematen dizu, helburu akademizistarik gabe. Denbora asko behar izaten duzu gauza horiek gainetik kentzeko». Bere hitzak dira.
1945. urtea Donostiarako itzulerak markatu zuen. Figura nabarmena izan zen bertako panorama artistikoan. Kulturarekiko jakin-minak poesia eta filosofia irakurtzera bultzatu zuen. Nabarmentzekoa da zientziekiko kuriositatea ere.
Arte munduko hainbat pertsonarekin sarea ehuntzen jakin zuen Jimenezek. Hala ere, “euskal artea” deitutakotik kanpo utzia izan zen, gizon sortzaileak protagonista bilakatuz. Arrazoiak aletu dituzte komisarioek. Batetik, 1975. urteaz geroztik hasi zen idazten artearen historia eta, ordurako hilda zegoenez, ezin izan zuen bere burua defendatu. Bestetik, Gaur taldetik kanpo geratu izanak ere eragina izan zuen artearen historiografian merezi duen lekua ez ematean. Informalismoak ez zuen Euskal Herrian beste leku batzuetako arrakasta izan eta hori ere beste arrazoi bat izan daiteke.
Bere lanen bila, deialdi zabala egin zuten komisarioek eta makina bat margo jaso dituzte Donostiako eta inguruetako herritarrenak, etxeko paretan Jimenezen lanen bat zutenenak. Kubo Kutxan daude orain. 133 pintura aukera dituzte, baina askoz gehiago izan zitezkeen, lan asko egin zuen.
Gaixotasun batek eraman zuen artista. Goizegi. Haren lanak eta ibilbideak zenbait galdera sortzen ditu oraindik ere. Hortik erakusketak hartu duen izenburua, “Maria Paz Jimenez - misterioa argitzea”. Erakusketaren harira, bere figura ardatz hartuko duen sinposioa egingo da martxoaren 7an. Narratiben berrikusketa, emakumeen rola frankismoaren testuinguru kulturalean, zenbait estilo piktorikoren sozializazioa, hala nola abstrakzioa, edo dantza flamenkoaren eta arte plastikoen arteko loturak, izango dira aztertuko diren gaiak.
Gaur ateak ireki eta maiatzaren 18ra arte egongo da erakusketa. Kutxa Fundazioaren Kubo aretoaren 25. urteurreneko programazioan txertatu dute, beste bi emakume artistarekin osatuko dena datozen hileetan: Maria Cueto eta Maider Lopez.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
