GARA
DONOSTIA
BINAKAKO TXAPELKETA

Altuna, materialarekin oso haserre: «Pilotariok indar gehiago izan behar dugu»

Jaka eta Imazek 19-22 garaitu zituzten Altuna eta Aranguren. Baikokoek aurrera egin dute eta Aspekoak azken partida irabazi beharko dute.

Jokin Altuna, pilotakada bat jotzen.
Jokin Altuna, pilotakada bat jotzen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jokin Altuna eta Arangurenek multzoen faseko azken partida irabazi beharko dute, play-offean txartel bat lortzeko. Atzo Seguran galdu ondoren, bosna punturekin berdinduta daude Peña-Albisurekin, hurrengo astean neurtuko diren bikotearekin, eta bietako batek bakarrik aurrera egingo du.

Jaka-Imazek, garaipenaren puntua pilatuta, oxigenoa hartu dute, kanporaketak jokatzeko txartela eskuratu baitute. «Oso pozik» agertu zen Imaz, tentsio handiko asteak izan baitira eta lehendabiziko helburua lortu baitute.

Tentsio handiko partida izan zen, oso piloteatua, eta 75 minutu iraun zuen. Luze joan zen eta, alde horretatik, materialarekin haserre bukatu zuen Jokin Altunak. «Oso bero» bukatu du partida amezketarrak, ETBko mikrofonoan onartu legez. «Lotsagarria da», esan zuen aurrelariak. «Elgoibarko festetan jokatzeko moduko materiala zen, eta Lehen Mailako txapelketan gaude. Binakakoan eta Lau eta Erdikoan hilabete lehenago jartzen ari dira materiala», esan zuen.

Oso haserre mintzatu zen eta eskatu zuen erabakiak «pilotan dakien jendeak hartu behar duela, ez ezer ez dakien batek». «Lehen Mailako partidak jokatzen ari gara, pilotariok indar gehiago izan behar dugu, erabaki gehiago hartzeko gaitasuna eduki behar dugu. Azken hilabeteetan pertsona batek edo enpresa batek erabakiak hartzea ez da posible», kexatu zen.

Pilotakada gogor bat atzera bota eta «inolako minik ez egitea», zentzugabea iruditu zaio gipuzkoarrari, bai eta partiden pilotakada kopurua ere: «Partida asko ari gara ikusten 600-800 pilotakadakoak. Ez zait iruditzen gauzak ongi egiten ari garenik».

KOLPEAK TRUKATU

Dena dela, onartu zuen porrota ez zela horren ondorioa izan, baizik eta aurkaria hobea izan zelako. Modu berean, Erik Jakak ere nabarmendu nahi izan zuen haien meritua, nahiz eta Lizartzakoa ere ez zen gustura aritu materialarekin: «Iruditzen zait ez garela material onenarekin jokatzen ari, batez ere bigarren fase honetan. Materiala txepela da, graziarik gabea. Hasierako grazia hori galdu egiten dute segituan. Niri ere ez zait gustatzen».

Gogor borrokatu behar izan zuten Jaka eta Imazek urrearen balioko garaipena eskuratzeko. Partida oso parekatua jokatu zuten. Kolpeak trukatu zituzten elkarrekin, lehen atsedenaldira arte (11-12 aurretik urdinak), eta, hortik bueltan, tarteak ireki zituzten Baikokoek (13-18). Noski, aurrean Altuna egonda, tarterik zabalena ere arriskutsua izan daiteke.

Hala eta guztiz, lizartzarraren sake-errematearekin eta Aranguren atzean kargatuta, urdinek beraien aldera eraman zuten partida (14-20).

Azken txanpan berpiztu zen norgehiagoka. Altunak eta Imazek onartu zuen bazutela kezka moduko bat, «ezer ez baitu behar partidan sartu eta iraultzeko». Bukaeran, ordea, gorriak 19an geratu ziren. Besoak gora altxatuta, garaipenari behar zuen garrantzia emanik, gogoz ospatu zuten Jakak eta Imazek.