IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Interview
Julen, Paskal eta Sara
Merina Gris taldeko kideak

«Gauzarik okerrenak bizitzan daude, baina onenak ere bai»

Bigarren lan luzea argitaratu du Merina Gris talde donostiarrak. ‘‘Zuloa’’ deitzen den lana kontzeptuala da. Arte plastikoa izugarri zaindu dute gainera, buruan zuten guztia plazaratzeko, baita jantziak ere. Maskara berriak dituzten arren, jende bera da taldea osatzen duena. Gogotsu daude sortu duten guztia zuzenean aurkezteko.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

 

Denbora pasatu da diskoa martxan jarri zenutenetik. Kaleratzeak lasaitasun edo askatasuna emango du, ezta?

PASKAL: Gutxienez gure lana eginda dago. Orain gogotsu gaude jendeak nola hartuko duen ikusteko, eta dagoeneko hasi zaizkigu erreakzioak iristen. Baina bai izan da prozesu luzea, eta gogotsu iritsi gara une honetara.

Zuloa bera kontzeptu konplexua da, nahiz eta hasiera batean sinpleagoa zirudien. Diskoaren izena zabaldu zenutenean ulertu zitekeen zerbait, ordura arteko kantuei hortik begiratuta, baina konplexutasuna maite duzuela argi geratu da orain.

JULEN: Intentsitate altukoak gara, baina ez gara batere absolutistak. Zuk esan bezala, zuloa hitza egunerokoan asko erabiltzen den hitz bat da, baina agian ez dizkiogu dituen adiera guztiak ematen edo ez dugu dituen adiera guztietan erabiltzen. Gure lehenengo adiera arrakala edo galera bati erreferentzia egiten zion zulo hori zen, baina gero bueltak ematen hasi ginen hitz horri, eta jabetu gara gauza askoz ere gehiago dela, esanahi ugari dituela.

Hortik atera dugu sei zuloen teoria, hortik atera ditugu logoak, kartak… Bizitzan hori gertatzen da orokorrean, gauzak ez direla onak edo txarrak, normalean irakurketa bat baino gehiago dute. Hartara, zuloaren kontzeptua erlatibizatu nahi genuen. Zuloa izan daiteke hobi bat, non erortzen zaren, edo izan daiteke eskapo egiteko zirrikitu bat ere. Bizitzaren metafora bat ere izan daiteke, gauzarik okerrenak bizitzan daudelako, baina onenak ere bai.

Kontu estetikoa, iruditeria, nabarmentzeko zerbait da. Arte departamentuak sekulako lana egin du, eta halako emaitza retrofuturista bat lortu duzue. Nolakoa izan da lanketa?

P: Lan egin dugun artista guztiekin lan egiteko modua PDF bat helaraziz hasten da, bertan gure kontzeptua txukun azaltzen saiatzen gara. Hortik hasi eta haiekin elkarrizketa bat izaten dugu, nola ez. Gero bakoitzak bere esparruan hori nola irudikatzen duen ikusten dugu, bere egin dezatela gustatzen zaigu, eta horretatik bakoitzak zer aterako lukeen ikusten dugu. Hala, maskaretan Irene egon da, jantzietan Guia madrildarra ibili da, Iker Gozategik zulo bakoitzaren teaserra egin du… Gustatzen zaigu, guk dezente lantzen dugunez kontzeptua, behin trinko daukagunean, artista bakoitzari helarazi eta beren esparruan gehiago trinkotzea.

J: Maxima bat jarri genien, eta hori zen zilar kolorea erabiltzea. Zilarra baino, distira, eta horregatik presente dago distira hori plato horretan, bideoetan, gure jantzietan, instrumentuetan… Zilarra edo kromatua. Zilarra bera diskoan ere aipatzen dugu, ‘Irteera’ kantuan «zilarrezko ibaia» aipatzen baita, zilarra guretzat oraina delako. Beltza asko lotzen dugu iraganarekin, gure hastapenak oso beltzak dira, orain ere beltzez goaz… Zuria etorkizunarekin lotzen da, margotu gabe dagoen mihise bat bezala edo… Baina zilarra guretzat oso magnetikoa den kolore bat da, nik gure musika entzuten dudanean zilar kolorea ikusten dudalako. Hiper-orain batekin edo orainaldian egotearekin lotzen dugu. Guztiei aipatu diegu zilar edo kromatua erabiltzeko. Uste dut, gainera, ez dela erraza hori fisikoki egikaritzea, eta uste dut buruhausteren bat edo beste sortu dugula horrekin. Baina hori zen gure maxima.

Sara, zure betaurrekoen inguruan ere galdetu nahi nizun. Ez dakit zer ikusten duzun edo nola sentitzen zaren betaurreko horiekin, zer sentitzen duzun zarela.

SARA: Gustatzen zait kanpotik eta urrutitik ikustea. Iruditzen zait, artelan on bat bezala, irudia ongi ikusteko atzerantz mugitu behar duzula, eta iruditzen zait gure outfitek hori dutela, eszenatokirako oso eginak direla eta publikoak urrunetik ikusten duenean baduela halako indar bat. Gero, gertutik ikustean, zerbait kuriosoa da, edo prozesu bat ere ikusi daiteke. Eskulturatxo moduan ere bai.

Bai, Grezia klasikoarekin lotzen dut nik.

S: Bai, guztiz. Eta ikusten naiz botere handia izango banu bezala. Horrela sentitzen naiz betaurreko hauekin..

Lehenbiziko kantuan, «Aurpegian» kantuan, vocoderra erabiltzen duzu, eta horrek ematen du botere sentsazio hori. Badakigu instrumentua ez dela erabiltzeko erraza. Zure egin duzula sentitzen al duzu?

S: Vocoderrarekin egindako kantu asko daude dagoeneko, eta gogoratzen dut sortze prozesuan hori begiratzen ibili ginela. Zer egon daitekeen vocoderrarekin eta zer ez, eta zer egin dezakegun dagoeneko egin ez dena, ez baita erraza tresna moduan ongi erabiltzea. Nik ahotsa bera erreminta moduan erabiltzen dut, eta iruditzen zait hori nabaritzen dela, gero Julenek trataeran jartzen dizkien efektuek eta beste emaitza batzuetara eramaten gaituzten arren. Julenek ere abesten du disko honetan, gainera. Vocoderra, kasu honetan, auto-tunea bezalaxe erabil daitekeen tresna bat da. Gustatzen zait, baina gehiegi erabili izan denez, ez zait hain erraza iruditzen ongi erabiltzea. Iruditzen zait Julenek hautatu zituen akordeak oso onak direla, eta horrek eragiten du vocoderrak funtzionatzea edo ez. Eta kasu honetan, niretzat, oso ongi funtzionatzen du, daukan harmoniarengatik.

J: Ahotsak banan-bana egin genituen, hau da, ez genuen vocoder arrunt bat erabili, baizik eta harmonia osatu genuen banan-bana eta ahotsak pistaka jarri genituen, eta horietako bat nabarmentzen baxu bat ere badago. Erreminta honi buelta bat ematen saiatu ginen asko erabili delako eta ulertzen dut hori, zuk esanda bezala, oso esker onekoa delako, botere sentsazio bat transmititzen duelako. Ed is Dead izan da diskoa nahastu duena, eta esan genion estutzeko kantua, grabeetan ateratzeko indar hori. Nik uste dut emaitza nahiko txukuna izan dela.

Binilo puska bat kaleratu duzue, eta sei kontzeptuak ere azaldu dituzue barruan. Definizio horiek sortzeko lana nekeza izango zen, ezta, Julen?

J: Iruzurtiaren sindrometik ere probatu dut hor, horrelako kontzeptuetan ibiltzekoa ez naizelako izan, ez idatzian behintzat. Butroia esaterako soluzio bezala aurkezten dut. Zulo batzuk arazo izan daitezkeelako eta beste batzuk soluzio edo irtenbidea direlako. Teknikoki, eta dokumentatu ahal izan dudanaren arabera, espien pelikuletan eta banketxeetan lapurretara joateko alboko eraikinetik egiten den zuloa da butroia. Kasu honetan ateratzeko da, badelako zuk irekitzen duzun zulo bat. Tunel bat ere izan daiteke, eta munduko tunelik luzeena Peruko kartzela batean egin zen butroi moduan. Gizakiak egindako zulorik sakonena Errusian dagoela ere ikasi dut… Gauza interesgarri asko topatu ditut bidean, eta nahiko friki ibili nahiz gauza hauen bilaketan.

Kantuen ordena kontzeptuarekin lotu behar den zerbait da?

J: Tracklista erabaki genuenean, nahiz eta egia den gero argudiatzen duzula kontzeptuaren kontuarekin, erraietatik atera zen moduan izan zen. Egia da kontzeptu aldetik trinkoa izan behar duela, baina diskoa nola sartzen zaizun, arrazoitu gabe, garrantzitsuena hori da.

P: Gainera, gerora konturatu ginen diskoko lehen abestiak plazaratuta genituenak zirela ia-ia. Ez dugu propio egin, gehiago izan da barruak eskatutakoari jarraitzea.

Ez dakit abestiak bi etapatan edo eginda dauden, batzuk badirelako «Zerua orain» diskora eramaten gaituztenak edo jarraitutasuna irudikatzen dutenak.

S: Nik ez dakit non dagoen muga hori. Musika sortzearen prozesua aldatzen doa, gu aldatzen goazen heinean. Orduan, Julenek bere produkzio lanean aurrera egiten duen horretan egonkortzen da soinua. Nik uste dut bidaia hori nabaritu daitekeela, eta zerbait progresiboa izan dela eta izango dela. Orduan, azken kantuak zilarrezkoenak, gaurkoenak direla esango nuke.

J: Ni ez naiz batere kontziente izan. ‘‘Nadie cuando lloro’’ atera genuenean, Paskalek esan zidan beste mobida bat zela. Egia da objektiboki konparatzen baditut bi diskoak, aldea badagoela. Hortaz, ulertzen dut zergatik esaten duen, modu arrazionalean, baina ez dut sentitzen. Trantsizioa degradatua edo lausoa izan delako.

Arteaz hitz egin dugu lehen. Sonido Muchachorekin zaudetela ere bada albistea… Baina zuzenekoak ere badatoz. Orain arte 959591 izan zarete, eta biniloan 95959197 ikusten da.

J: Datorren astean Bartzelonan izango gara. 97 hori zuzenean gurekin dabilen Amunda da, laguna eta gitarra jotzailea. Hortaz, 3+1 ikusten da, taldean lau musikari garelako.