GARA

SARRIONANDIAREN OROILOREAK, 7K-N

Joseba Sarrionandiak «Oroiloreak» sail berria abiatuko du igande honetan 7K-n eta memoria historikoa izango du ardatz.

1937an estreinatu zen «Guernika» filmeko fotograma bat.
1937an estreinatu zen «Guernika» filmeko fotograma bat. (EUSKADIKO FILMATEGIA)

Oroilore: Myosotis izen latindarra du eta Boraginaceae familiako genero baten izen arrunta da. Botanikan aditu ez direnei ezer gutxi argituko die Wikipediako azalpen labur horrek, baina lotura zuzena du aurrerantzean hilean behin Joseba Sarrionandiak 7K igandekarian argitaratuko duenarekin.

Hartara, ahaztua izan nahi ez duen loreak jarriko dio izena datorren igandean estreinatuko den sail berriari. Izan ere, “Oroiloreak” atalean, idazle iurretarrak Euskal Herriko memoria historikoarekin zerikusia duten pasarteak berreskuratuko ditu.

Joan den abenduan GARAn eta NAIZen egin zuen bezalatsu -orduan Euskararen Nazioarteko Egunaren sorkuntzari buruz idatzi zuen-, azken hamarkadetan euskararekin, euskal kulturarekin eta politikagintzarekin zerikusia izan duten gertaerak ekarriko ditu gaur egunera. Azken finean, oroimen kolektibotik desagertzeko arriskuan dauden edo desagertu diren pasarte horiek berreskuratzen joango da artikulu bakoitzean. Joseba Sarrionandiak 7K-rekin izango duen lehen kolaborazioa 1937raino joango da; hain zuzen, “Guernika” filmeraino. Bonbardatu berri zuten Bizkaiko hiri suntsitura eramango du irakurlea filmaren inguruko hainbat xehetasunen inguruan idatziz.

Esan bezala, hau izango da hilabetean behin onduko duen lehenengo artikulua, aurreneko “Oroilorea” gure komunitatearentzat.