Erlojupeko bat aldeak markatzeko eta 23 mendate Euskal Herriko Itzulia iraultzeko
Ohiko eskemari segituz, banakako erlojupeko batekin abiatuko da Euskal Herriko Itzulia, datorren apirilaren 7an. Hortik aurrera, aldapaz jositako bost egun, aldeak irauli eta iaz garaile izan zen Juan Ayusoren oinordekoa aurkitzeko.

Atzo iragarri zuten 2025eko Itzuliaren ibilbide ofiziala. Ekitaldia Gasteizko Buesa Arenan antolatu zen; izan ere, lehenengo etaparen irteera eta helmuga bertan topatuko dituzte txirrindulariek. 64. edizioa banakako erlojupeko batekin hasiko da, Arabako hiriburuaren inguruan, eta hortik aurrera atseden gutxi izango da sei eguneko lasterketan.
Araba, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia zeharkatuko ditu 870,20 kilometro izango dituen ibilbideak. Iaz, 46 urteren ostean, lasterketa Ipar Euskal Herrira itzuli zen, baina aurten ez du lurraldea bisitatuko.
Antolatzaileek adierazi zutenez, «oso ibilbide irekia da eta baliteke lasterketa azken egunera arte erabakita ez egotea. Zenbait etapa tranpa daude; beraz, faboritoak erne ibili beharko dira eta euren onena eman beharko dute».
Hala, aurtengo edizioan, 23 mendate puntuagarri egongo dira: 1. kategoriako 4, 2. kategoriako 3 eta 3. kategoriako 16. Helmugako hobariak izango dira (10”, 6”, 4”), baita tarteko esprintetan ere (3”, 2”, 1”).
1. ETAPA: BUESA ARENA-GASTEIZ (18,70 KM)
Aldeak lehenbiziko egunetik markatuko dira. Iazko edizioan bezala, txirrindulariek erlojuaren kontrako lanean ekingo diote Itzuliari, apirilaren 7an, Gasteizen, 18 kilometro luzeko erlojupekoan. Buesa Arena pabiloitik irten eta bertan amaituko da banakako erlojupekoa. Etaparen lehenengo erdiak zenbait malda ditu. Arzubiaga herrirako igoera puntuagarria izango da, eta hor erabakiko da mendiko lehen maillota Lubinaoko udalerritik aurrera, erliebea aldekoa izango da; beraz, zatirik azkarrena eta espezialistentzat egokiena izango da.
2. ETAPA: IRUÑEA-LODOSA (199,60 KM)
Lehen egunean irekitako aldeek lasterketa markatuko dute, bakarkako lan horretan hain trebeak ez direnak hasieratik erasora behartuz. Hala ere, horretarako pixka bat itxaron beharko dute. Izan ere, bigarren etapa, Iruñea eta Lodosa lotuko dituena, edizioko errazena izango da, behintzat profilari so eginda. Aurtengo etaparik luzeena ere hau da, 200 kilometro ingururekin, baina zailtasun gisa soilik hirugarren kategoriako mendate puntuagarri bakarra topatuko dute txirrindulariek. Esprinterako etapa beharko luke.
3. ETAPA: ZARAUTZ-BEASAIN (156,30 KM)
Hirugarren egunean, aldiz, faboritoen txanda iritsi beharko litzateke. Behintzat sailkapenari lotuta jarraitzeko. Ibilbidea ez da oso luzea, azken urteetako joerari jarraituz, baina 7 mendate ditu, Zarautz eta Beasain 156 kilometrorekin lotuz. Ez dira mendate bereziki latzak, horietako bost hirugarren kategoriakoak baitira, baina azken kilometroetarako astun gertatuko dira txirrindularien zangoetan ziur.
4. ETAPA: BEASAIN-MARKINA-XEMEIN (169,60 KM)
Laugarren etapa Beasainen abiatu eta Markina-Xemeinen amaitu. Txirrindulariek 7 mendateri aurre egin beharko diete; horien artean Izuakoa dago, 1. kategoriakoa eta helmugatik gertu topatuko dutena. Igoera ez da errepide nagusituk edo Krabelinetik Arraterako igoeratik egingo. Matsaria industriagunean zehar joango da, baserri artean doan eta %20ko maldak dituen errepide oso estu batetik. Bidea bera nahikoa da aldeak markatzeko. Goitik beherakoan topatuko dute helmuga.
5. ETAPA: URDUÑA-GERNIKA-LUMO (172,40 KM)
Bosgarren eta azken-aurreko etapa Urduñan hasi eta Gernikan amaituko da. Herritarrek etxeko txirrindularia ikusteko aukera izango dute, Pello Bilbao. Bahrain-Victoriouseko txirrindulariak begiz jota izango du etapa. Izan ere, antolatzaileek azaldu zutenez, diseinuan ere lagundu du. Irteeraren ostean, Amurriorantz zuzenduko dira, ondoren Urduñara itzuli eta Gernika-Lumora abiatzeko. Bidean, lau mendate gainditu beharko dituzte ibilbidearen azken zatiko zenbait eremutan.
6. ETAPA: EIBAR-EIBAR (153,40 KM)
Azken lehia, ohi bezala, Eibar inguruan jokatuko da. Irteera eta helmuga Untzaga plazan izango dira. 150 kilometro baino gehiagoko ibilbidean zehar, zazpi mendate egongo dira; horietako hiru, lehen mailakoak. Aurtengo edizioan, Krabelineko igoera etaparen hasieran aurkituko dute parte-hartzaileek, urrutiko mugimenduak ahalbidetuz. 2024ko edizioarekiko aldaketa nabarmenen artean, bi igoera egingo dira Trabakuara, Gorlakoa desagertuko da, baina Karabietakoa gehitu da, Bergarara iristeko. Zalantzarik gabe, oso etapa bizia izango da eta hor erabakiko da aurtengo Euskal Herriko Itzuliko garailea.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
