40’ rock, imajinatzeko gai den herri baten hauspoa
«Imajinatzeko gai den herri bat gara». Horixe Durangoko Landakon ospatu den 40 Minutu Rock elkartasun jaialdian aho batez eta ziurtasun osoz zabaldu nahi izan den mezua; etorkizuna irudikatzeko gai den jendarte bat badagoela, eskuak elkarri lotuz bidea egiteko gai dena, 564 izan ziren haiek, egun 120 direnak, 0 izan daitezela erdiestera iristeko.

10.45. Hasi da Landako betetzen. Ordu laurden da 40 Minutu Rock elkartasun jaialdiak ateak ireki dituela; beste horrenbeste falta da lehen gonbidatuaren, Sukena-ren, kontzertua abiatzeko, eta tantaka sartzen ari da jendea. Jaialdiotan lan zaila egokitzen zaio lehen taldeari, baina Sukenak -eta hasieratik lehen lerroetan dena ematen ari den jarraitzaile taldeak- badaki maila ematen, eta segituan egin du bere oholtza. Zentzu guztietan, gainera: «Denon esku dago hau gune segurua izatea eta, ez badakizue egoten, ba... joan», jaurti dute oharra eszenatokitik, 40 Minutu Rock eraso sexistarik onartzen ez duen gunea dela gogoraraziz. Azkenerako, arazo teknikoak ere gaindituz, ‘‘Oroitzen’’ kantuko koruak publikoak egin dizkiola amaitu dute kontzertua.
Lekukoa Ezkerraldeko Chuleria Joder taldeak hartu dio, beste behin ere oholtza gainean bere izenari ohore eginez. Zer esan laukote honetaz... askok nahi lukete euren energiaren erdia. Hasieratik amaieraino, dar-dar batean eduki dute oholtza eta jakin dute publikoa bideratzen. Harroak, ahaltsuak, lotsagabeak. Bikainak.
Ondo asko dakite publikoa aktibatzen, eta Landako bero dela pasatu diote lekukoa La Txamari. Denentzat lekua bada 40 Minutu Rocken, eta pop eta punk taldeen ondoren ondo sartu dira aretoan talde donostiarraren corrido tumbado-ak. Hori bai, agerian geratu da genero bakoitzak bere publikoa duela; lehen lerroan zeudenak atzean geratu zaizkigu eta bestelako publiko batek bete ditu lehen lerroak, dantzarako pronto. Hain zuzen ere, talde donostiarrari egokitu zaio aurten 40 Minutu Rocken abestia egitea, eta hori ere jo dute, baina ez da arrakastatsuena izan. Aipagarriena, agian, ‘‘Isil-isilik dago’’ abestiaren bertsioarekin Landako osoa kantuan eta dantzan jarri izana edota Eskorbutoren ‘‘Adiós reina mía’’-ren bertsioa.
Tartea hartuta, kanpoko karpara ere egin dugu bisita: Pelma & Luisekin egin dugu topo, baina ezin aipatu gabe utzi bertatik pasatzekoak diren Fito Skins, Ganibet, DJ Elepunto eta DJ Pezon. Bada zer aukeratua.
Landakora itzuli gara. Maruxak oholtzan. Aniztasunaz mintzatzen ari ginen, nork bere lekua aurkitzeaz -jaialdietan zein bizitzan-, eta Maruxak da horren eredu. Hainbatetan baztertua, ohiko zirkuituetatik kanporatua izan den kolektibo batek 40 Minutu Rockeko oholtza partekatzeak badu bere garrantzia. Eta jakin da baloratzen. Drag showa abiatu orduko poltsikoratu dute publikoa Mendillorrikoek, ‘‘Ran rober ran’’ eta Karol G tartean, euren estilo pertsonalarekin.
Atsedena. Dantzak eta katxondeoak bestelako espazioei utzi diete bidea eta La Inquisicion taldeak utzitako hutsunea Iruñerriko Herdoil punk-oi taldeak bete du. Arratsaldean Pinpilinpussies, Tatta & Denso eta Añuberen txanda iritsi da eta, horren ostean, urteroko ekitaldiaren unea.
ETORKIZUNA JOMUGA
Hiru pertsona oholtzan, foku banarekin argiztatuta, garai ezberdinen adierazle: iragana, oraina, etorkizuna. Isilunea egin da Landakon. Abiatu da saioa, Iraganaren ahotik, gertuko memoria historikoaren zauriak haztatuz: «Amaitzen ez ziren gau ilunak, egunsenti izoztu eta hezeak, eskuburdinak, azkeneko besarkadak, ihesak, zapuzturiko ametsak, beldurraren itzalak, audientzia eta ausentzia nazionalak, poliziaren kargak, bihotzak bero, kaleak sutan, amorrua eskuetan. Ongietorri gozoak eta geroarte gaziak». Gogoan izan dituzte Hertzainak taldeak kulunkatzen zituen ‘‘564’’ ohe hutsak, gerora 600, 700, 800 bilakatu zitzaizkigunak, Puertora, Fresnesera, Lannemezanerako errepide ilunak, istripuak. «Gaur, Durangon, indarrez aldarrikatu nahi dugu ezin izan dutela euskal preso eta iheslarien aldeko mugimendua txikitu». Txaloak.
Eta Orainak hartu du hitza. Dispertsioaren garaiak amaituak direla eta «bahituta izan dituzten kide asko» lagun eta senitartekoen altzora itzuli direla ekarri du gogora, «baina berrogei urtean jasandakoa ez da egun bakarrean sendatzen. Oraindik ohe hutsak daude. Badira dozenaka taupada ez daudenak etxean eta aske. 120 preso», nabarmendu du.
Azken urteotan aurrerapausoak eman badira ere, zenbait eremutan atzerako bidea egiten ari dela ohartarazi digu. «Eskuin muturraren gorakada etorri da, faxismoak hegoak moztu gura dizkigu. Salbuespen politikekin ito nahi gaituzte. Faxismoak ez daki, baina, ez dugula mugatuko gaituen ezintasunik. Eta belaunaldiz belaunaldi kontatu dugu iragana, kontatzen ari gara oraina, etorkizunean askatasuna, benetako askatasuna eskura dezagun», ebatzi du.
Eta, hausnarketan sakonduz, Etorkizunaren ahotsak egin du burrunba Landakon. «Imajinatzeko gai den herri bat gara», jarri du enfasia, «imajinatzen dugu gure geroa, gure etorkizuna», eta askatasunaren beldurrari egin dio erreferentzia: «Berba potoloegia da askatasuna, ezta? Agian beldur gara gure ilusioei, gure nahiei eta gure helburuei tokia egiten dien etorkizuna irudikatzeko. Txikitasunera, besteen menpe egotera behartuta dagoen herri bat izatera, kondenatuta gaudela sinetsarazi nahi digute», nabarmendu du, eta pentsamendu horrek ezartzen dituen mugei gaina hartu eta etorkizunari «amorruz eta grinaz» heltzeko deia egin du: «Ilusio bat dugu, ez gara bidean atzerapauso bakar bat emateko geratuko».
Itzulera, egungo 120 ohe huts horiek betetzea, hori Etorkizunak eskatu diguna: «Lanean jarraituko dugu bihar 100 izan daitezen, etzi 50 eta amesten dugun egun hartan 0 izan daitezen».
Eta, ekitaldia ixteko, denboraren mugak hautsi eta bat egin dute Iraganak, Orainak eta Etorkizunak: «Iraganeko lanak eta borrokak emandako irakaspenekin; Orainak eskaintzen digun energia eta ilusioarekin; Batu ditzagun indarrak askatasunerantz! Euskal preso eta iheslariak etxera!», aldarrikatu dute.
Txalo zaparrada. Amaitu da ekitaldia, eta hasi da berriro ere marmarra Landakon, mugimendua, festa. Oholtzan Nakar, Jone Laspiurrek gidatutako postpunk talde donostiarra, gitarrak astintzen. Anestesiak hartuko dio lekukoa eta, edizio honen itxieran, Kaleko Urdangak, Sune eta Dupla dira jaialdira batzekoak. Aurrea hartuko diegu guk, bagoaz elkartasun festa hau besarkatzera.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
