ADI ETA ARI,EGUNERO NAIZ IRRATIAN

Euskara lantzea du helburu podcast berriak. B2 mailako edukiak landuko dituzte, egunero sei minutuz, modu entretenigarrian.

Ander Edo eta Nerea Arriola izango dira podcast berriko gidariak.
Ander Edo eta Nerea Arriola izango dira podcast berriko gidariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hizkuntza berri bat ikastea ez da egun batetik bestera egiten den zerbait, eta NAIZ Irratiak euskararen ikaskuntzan laguntzeko bere alea jarri nahi izan du “Adi eta Ari” podcastarekin. Euskara ikasteko metodo eta eduki ugari daude eskuragarri gaur egun, baina gure helburua prozesu hori atseginagoa, gertukoagoa eta egunerokoan erraz txertatzeko modukoa egitea da. Podcast honetan, euskarazko esamoldeak, gramatika edukiak eta kultur erreferentziak modu arin eta entretenigarrian landuko ditugu. NAIZ irratiko saio ezberdinetan egindako elkarrizketa errealak baliatu dira “Adi eta Ari” podcasteko ikasgaiak sortzeko. Horrela, euskara maila hobetzeaz gain, Euskal Herriko pentsalari, sortzaile, kirolari edo ikertzaileak ezagutzeko aukera zabalduko du podcastak, Ander Edo eta Nerea Arriola aurkezle dituela. «NAIZ Irratian egunero elkarrizketa asko egiten dira eta gai ezberdinak lantzen ditugu. Iruditu zitzaigun aukera ona zela egindako elkarrizketa horiek baliatzea ikasgaiak sortzeko, euskara hobetzeaz gain, Euskal Herria hobeto ezagutzeko aukera ematen duelako», adierazi du Maite Bidarte NAIZ Irratiko saioen arduradunak.