GARA
DONOSTIA

«Zurrunbiloa»: so berri bat, gazteen osasun mentalari

Elhuyarrek lau gazteri eta hamar adituri ahotsa ematen dieten bost ikus-entzunezko aurkeztu ditu, baita «zurrunbiloa.eus» ere. Gazteen osasun mentala aztertu eta begirada eraldatu nahi du proiektuak.

Jon Abril Elhuyarreko koordinatzailea, partaideekin batera, «Zurrunbiloa» aurkezten.
Jon Abril Elhuyarreko koordinatzailea, partaideekin batera, «Zurrunbiloa» aurkezten. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen “Zurrunbiloa” proiektua plazaratu zuen atzo Elhuyarrek, Ernest Lluch areto nagusian, Donostian. Han izan ziren Jon Abril Elhuyarreko koordinatzailea, Jose Antonio Hidalgo Danobatgroupeko lehendakariordea eta Garazi Andonegi eta Aitziber Agirre “Zurrunbiloa”-ren arduradunak. Aroa Colas, Eneko Sagastume, Laura de la Iglesia eta Garazi Olaizola gazteak ere bai, Maitane Ormazabal psikologoarekin.

Jendarte mailan interpelatzen gaituen gai konplexua da gazteen osasun mentala. Honako datuak eman zituzten: euskal gazteen artean, bostetik batek osasun mentaleko asaldura bat diagnostikatua du. Antsiolitikoen kontsumoa ere sei bider hazi da gazteen artean. Bereziki deigarria da neskatoei zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak: 11-12 urte eskasekin. Zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta gazteei arretaz entzuteko, Elhuyarrek gai honi heldu dio Danobatgroupekin.

«SUSTRAI SOZIALA»

Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengoan, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu dute. Horietan hainbat adituk bat egin dute: «Sustrai soziala du krisi honek». Gazteei dagokienez, lau lagunen testigantza zuzenak jaso dituzte: Aroa (18 urte), Eneko (23 urte), Garazi (22 urte) eta Laura (24 urte). Orain, beren burua berregin eta kontakizun hunkigarri, eskuzabal eta zintzoa egin dute.

Zurrunbiloa.eus webgunea ere zabalik da. Bertan adituen elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku eta proposamenak, laguntzarako baliabideak eta zientziaren eduki sakonagoak daude. Nerabeen garapenari buruzko azalpen teknikoagoak ere bai.

ETBren babesa izan du proiektuak. Horri esker, webgunean bakarrik ez, Primeran plataforman eta ETBn ikusten ahalko dira bideoak. Lehen atala atzo estreinatu zen.

“Zurrunbiloa”-ren bigarren fasean komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu da, Elgoibar, herri mailako diagnosi bat egiteko. Hirugarren faseak jendarteari emango dio protagonismo osoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileekin, zenbait arlo aintzat hartuz.