Naroa Elizalde pilotari zubietarra hil da, 27 urte zituela

Naroa Elizalde Etxekolonea pilotari zubietarra hil zen atzo, 27 urte zituela, gaixotasun baten ondorioz.
Pilotan jokatzen txikitan hasi zen Elizalde, 6-7 urterekin, baina 12-13 urterekin utzi egin behar izan zuen, garai hartan beste neskarik ez zelako aritzen eta ez zegoelako haientzat txapelketarik. Nolanahi ere, Gasteizen ikasten zuen bitartean, astean zehar entrenatzen jarraitu zuen. Berriro pilotan jokatzeari ekin zion 17-18 urterekin, Emakume Master Cup-en.
Zubietarra 2021ean Ados Pilotako sortzaileetako bat izan zen, Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirrerekin batera; emakume pilotarien lehenengo talde profesionala izan zen. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 13 emakume biltzen zituen hasiera hartan.
Azken urteetan elkarte horrek antolatutako txapelketetan aritu zen Elizalde, gaixo jarri zen arte.
2019. urtean elkarrizketa eskaini zion Iruindarra Telebistari, eta gizon eta emakume pilotarien artean dauden desberdintasunen inguruan mintzatu zen.
Emakumeentzat urteen poderioz egoera hobetu zela zioen orduan, baina hala ere oraindik gizonekin aldeak «nabarmenak» zirela. Hala, gizonak pilotatik bizi daitezkeen bitartean, emakumeen kasuan «ofizioa baino gehiago afizioa» zela esaten zuen, eta pilotaz gain «beste lanbide bat izan beharko» luketela.
Emakumeen artean pilota sustatzeko maila ezberdinetako txapelketak antolatzeko premia ikusten zuen Elizaldek. Telebistan ere emakumeen pilota partida asko ez zirela emititzen kexu zen elkarrizketa hartan. «Neska asko daude partida asko jokatzen dituztenak, maila onean ere bai, eta horietara ez dira etortzen ez telebista ez beste hedabideak», esan zuen.
Etorkizunari begira, ordea, baikor mintzatu zen eta emakumeen pilota «gero eta indartsuagoa» izango zela aurreikusten zuen. «Lana egin beharko da, hori bai», onartuta.
Ados elkarteko bere lagunek, Alaia Martinek sinatuta, bertso batekin gogoratu zuten sare sozialetan: «Bihurtu ditzagun lagunak / bizitzaren tenplu / badakitenak zer noiz nola / eta non galdetu. / Entzuten gaituztenak / nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak / edozein ez leku. / Disolba dezagun eskuina / ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin / hauskor eta inperfektu / elkarrengandik hurbil eta / elkarrentzat gertu».

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
