Iraitz MATEO GOGORZA
BELDURRAREN INGURUAN MAHAI BUELTAN

SUKALDEKO MAHAIA, LEKU BAT BELDURRAK ASKATZEKO

Basque Culinary Centerrek “Sukaldeko elkarrizketak” izeneko jardunaldiak antolatu ditu beste urte batez, Mugaritz eta Euro-Toquesekin batera. Aurten beldurraren inguruan hitz egitera gonbidatu ditu hamaika lagun. Atzo goizean izan zen bigarren mahai ingurua, “Nork esan du beldurra?” galdera izenburutzat hartuta.

BCCko auditoriumeko oholtzara igo zen atzo Jon Maia, bere beldurrez hausnartzera.
BCCko auditoriumeko oholtzara igo zen atzo Jon Maia, bere beldurrez hausnartzera. (Jon URBE | FOKU)

Mahai biribil bat zamau zuri dotore batez jantzia, eta gainean, mahai tresnak prest. Eta baita Basque Culinary Centerreko auditoriuma bete zuten 200 pertsonentzat galdera zuzen bat ere: «Nork esan du beldurra?». Atzo goizean “Sukaldeko elkarrizketak 2025” jardunaldietan zazpi lagun igo ziren oholtzara beren beldurren inguruan hitz egitera, eta horietako bakoitzak, publikoarekin gogoeta bat partekatzeaz gain, oholtza gaineko mahaira zerbait igo zuen, eguerdiko ordu bietarako mahaia jakiz betez.

Paco Plazak beldurrezko film batzuk egin zituen, tartean “[REC]”, eta bera ausartu zen beldurraren definizio bat proposatzen: «Beldurra berezko zirrara bat da, benetako edo irudimenezko arrisku baten pertzepzioaren aurrean sentsazio desatsegin eta bizia izatea du ezaugarria». Adierazi zuen erreala ez den horrek beldurtzen gaituela maiz, eta gizakia gehien zerk beldurtzen duen esaten duela.

Jon Maia bertsolariak argi du beretzat beldurra zer den: «Niretzat beldurra gainditu beharreko erronka bat da, eta horrek ekarri nau honaino; egun euskaraz bizi naiz, eta euskaraz eraiki dut nire obra guztia». Eta hori ulertzeko, bere haurtzarora eta nerabezarora bidaia egin zuen. Izan ere, Maiari asko kostatu zitzaion bertso munduan guraso erdaldunak zituela onartzea, «nire ibilbide osoa identitatearekin borroka bat izan da», aitortu zuen. Gaineratu zuen, gaur egun oraindik hamaika estereotipok betetzen dutela migratzaileen inguruko irudia: «Beldurra ezezagutzak sortzen du, estereotipoak sortzera garamatza beldurrak, eta horietan kaiolatuta geratzen gara. Klixeak eta sinplismoak pentsamenduaren kaiolak dira».

TRADIZIOA ETA GOSEA

“Buruko tradizioak” izenburua jarri zion Xavier Medina elikaduraren aditu antropologoak bere hitzartzeari. Tradizioa galtzearen beldurraren inguruan mintzatu zen. Zer da tradizionala? Zenbateko sakontasun historikoa behar du zerbaitek tradizionala izateko? Nola sortzen da? Zenbat irauten du? Mutatu daiteke? Gastronomiari dagokionez, kultura dinamikoa izanik, jaten duguna aldatzen doala ondorioztatu zuen. «Denbora eta kontzientzia kolektiboa behar dira tradizioei eusteko eta mutatzeko. Gizarteak behar dituen beharretara egokitu behar du tradizioak», azaldu zuen; eta «kohesiorako bide bat» izan daitekeela gehitu.

Zorrotz mintzatu ziren Nuria Teson Ekialde Ertaineko berriemailea eta Andres Torres gerra berriemaile ohia. Haientzat beldurra gosea da: «Baina guk ez dakigu zer den gosea edo goseari beldurra izatea». Torres irmo mintzatu zen: «Niri beldurra ematen didana goseak daudenen alde ezer egiten ez duen jendea da».

Tesonek esan zuen gatazka testuinguruetan gauza askok eman dezaketela beldurra, baina horietatik nagusiena gosea dela. Bere ustez, gerra testuinguruan janaria lortzea zeinen zaila den kontatu beharra dago. Gainera, gastronomia ere tradizioa da bere iritziz, kulturarekin eta identitatearekin lotutako zerbait, «eta, horrenbestez, elikagaiak kentzearekin identitate bat ere kentzen ari zara».

Nutrizionistak omen dira gaur egungo apaizak: jendea zigortzen dute, zer egin esaten dute eta dena dakite; halaxe esan zioten Juan Revenga Iruñeko nutrizionistari. Bera ez dago ados, eta bere beldur handiena da jakintza galtzen eta beste batzuengan «itsuan sinesten» ari garela: «Lehen bagenekien zer jan, baina orain sare sozialek esan behar digute zer jan behar dugun».

Haren aburuz, elikagaien inguruan «berriro alfabetatu» behar da gizartea, eta orain arte belaunaldiz belaunaldi pasatutako jakintza galtzearen lau arrazoi aipatu zituen: tradizioekiko deskonexioa, «non galdu dira merkatuak?» galde egin zuen; bigarrenik, «marketin bortitza» deiturikoa; jakintzaren fragmentazioa, batez ere sare sozialei dagokiona; eta, laugarrena, deskonfiantzaren garaian bizi garela.

Amaitzeko, Greta Alfaro artista bisuala igo zen oholtzara, jende oldeari edo iluntasunari beldurra izatearen inguruan hitz egin zuen. Iluntasunean agertutako animalia batek oinez doan gizaki bat akabatzeak eta jateak beldurra sor dezakeela aitortu zuen, baina baita gizaki batek beste gizaki bat jateak ere. Metafora bat dela azaldu zuen: «Sistema kapitalistaren metafora da. Ni handitu nadin, ez zait axola parekoa jan behar badut ere. Horrela bizi gara».