Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Izotzeko Munduko Kopan, ikuskizuna eta haserrea

Amaitu da Alpinismoko Nazioarteko Federazioak (UIAA) antolatutako nazioarteko erregulartasunaren zirkuitua. Izotz eskaladako norgehiagokak soilik antolatzen ditu eta bost hitzordu izan ditu. Lehia oso ederrak ikusteaz gain, emakumezkoak kexu azaldu dira ekipatu dizkieten bideekin.

Zailtasuneko zirkuitua Sina Goetz eta Benjamin Bosshard suitzarrek irabazi dute; eta abiadura modalitatea, Selengen Nyamdoo eta Mandakhbayar Chulunbatar mongoliarrek.

Abiadurako murruek ez bezala, zailtasunean izotzik ez duten egitura artifizialak altxatzen dira, eta, hortaz, izotz eskalada baino dry tooling-a aipatu beharko genuke.

HASERREA

Garai batean kirol eskaladako lehietan gertatu zen egoera bera bizi izan dute zirkuitu horretako emakumezkoek. Ekipatzaileek akats larriak egin dituzte prestatutako ibilbideetan. Kirol eskaladan, adibidez, aspaldi konpondu zen akats hori; baina izotz eskaladako aurtengo ekitaldian berriro hanka-sartzeak izan dira.

Horren adibide bat Saas Fee-ko bigarren proban gertatu zen. Neskak kexu azaldu ziren. Zailtasuneko gizonezkoen proban Ladevant soilik heldu zen katera. Nesken kategorian, aldiz, bost lehiakide izan ziren top egiteko gai. «Neskon maila handitzen ari da, eta, horrenbestez, ekipatzaileek errealitate horri erantzun beharko liokete», adierazi zuen Marion Salmon-Thomasek.