Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
REAS

Errealitatearen eta fikzioaren artean dantzan

Lola Arias zinemagilearen “Reas” ikusten ari nintzela, “Sing Sing” (2024) filmarekin batera saio bikoitza antolatzea ideia ona izan litekeela pentsatu dut, antzerkiak edota musikak leku ilunenak argitu ditzakeela aldarrikatzen dutelako bi lanek; arteak duen botere askatzailea eta sendatzailea agerian uzten dute.

Argentinako zenbait kartzelatan atxilotutako emakumeak dira dokumental honetako protagonistak. Tira, dokumental hitza erabiltzea ez da guztiz zuzena: “Reas” fikziozko pasarteak dituen dokumental musikal bat da, nahiko sailkaezina eta kutsu esperimentala duena, eta askatasunaz gabetu zituzten pertsonak ditu protagonista. Caseros-en antzinako kartzela (Buenos Aires) eszenatoki gisa hartuta, iraganeko espetxeko eszenak berregiteaz gain, etorkizuneko bizitza musikal baten eran irudikatzen dute, non beraiek abesten, dantzatzen eta antzezten duten. Musikaren eta dantzaren bidez kartzelako esperientziak berreraikitzen eta berrinterpretatzen dituzte.

Yoseli Argentinako Ezeiza aireportuan atxilotu zuten, droga trafikoa egotzita. Nacho transexuala iruzur egiteagatik atxilotu eta kartzelan rock talde bat sortu zuen. Emakumeen kartzela berean egon ziren espetxeratuta, baina ez zuten elkar ezagutu filma egin arte. Ariasen lanean antzeko egoeratan egon diren pertsona batzuk ezagutuko ditugu.

Zenbait unetan errepikakor samarra den arren, eta teknikoki ez oso berritzailea, zuzendariak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugak bikain lausotzen ditu, gizarteak baztertu ohi dituen pertsonen gaineko begirada freskoa eta gizatiarra eskaintzeko.

Emakume horien istorioak musika emanaldien bidez aurkezteko hautuak, kontakizunari sormen eta bizitasun geruza bat gehitzeaz gain, emantzipaziorako eta autoadierazpenerako tresna indartsu gisa ere balio du.