Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Ekinokzioa

Gertaera doilor baten aurrean, «Zer desgrazia! Zer ekinokzioa!» halaxe adierazten du bere arrangura Quico Cadaval kontalari galiziarraren pertsonaia batek. Cadavalen pertsonaiak eta istorioak ezagutuz gero, ez da harrigarria egiten; izan ere, bere kontakizunetan entzulea Galiziako errealismo magikoan barrena bidaiarazten baitu. Hala ere, une batez zure buruari galdetuko diozu ea zer demontre esan nahiko ote duen ekinokzio horrekin, zer ikusi ote daukan ekinokzioa desgrazia batekin. Eta saiatzen zara logika bilatu nahian, alferrik; izan ere, ezin dugu eguneroko errealitatea ipuinen eta kontakizunen errealitatearekin erkatu, eta Quico Cadaval maisua dugu bi munduen arteko zubi bihurriak eraikitzen. Martxoan egiten ari den Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdian, mundu distortsionatu horretan sartzeko aukera izan genuen. Kontaketa saioa eta lagun baten pasadizoen kontaketaren arteko nahasketa zirudien saioa eskaini zuen Cadavalek, leku errealetan, ustez, zalantzagarriak diren pasarteen eta istorioen arteko mugak apurtuz. Kontalariak Galiziako giro surrealista horretan dena posible dela azaltzen du, beste munduak irudikatzeko gonbita eskaintzen du. Martxoaren 20an Kontalaritzaren Nazioarteko Egunean izango den ekinokziora eramaten gaitu Quico Cadavalek. Kasualitatea ote?