GARA
GASTEIZ

Zaballan hil zen presoari ez zioten suizidio protokoloa aplikatzen

Ostiralean Zaballako espetxean hildako presoaren familiak Salhaketaren bidez aditzera eman du ez zitzaiola suizidioaren aurkako protokoloa aplikatzen, ez zuen tratamendu psikiatrikorik jasotzen eta beste preso bati laguntzeko euskarri funtzioak betetzen zituen.

Zaballako kartzela, artxiboko irudi batean.
Zaballako kartzela, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA I FOKU)

Joan den ostiralean 35 urteko preso gasteiztar bat hil zen Zaballako kartzelan, Lakuako Gobernuak espetxeen eskumena hartu zuenetik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hil den bederatzigarren presoa, hain zuzen. Gaitzestearren, Salhaketak elkarretaratzera deitu du gaur, 13.00etan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.

Hildakoaren sendiak Salhaketa Arabari adierazi zionez, gizonak ez zuen tratamendu psikiatrikorik hartzen, garbitokian lan egiten zuen eta berarekin ziega partekatzen zuenari laguntzen zion eta euskarri bezala aritzen zen.

Ez zioten suizidioaren aurkako protokoloa aplikatzen. Presoen aldeko elkarteak ohartarazi zuenez, ikerketa judizialaren bidez lortu daitezkeen datu gehigarrien zain daude oraindik.

Gogorarazi zuten 2021ean Lakuak EAEko espetxeen eskumena hartu zuenetik hil den bederatzigarrena dela eta, beraz, «ez da kasu isolatu bat». Izan ere, kartzelako mediku arreta ez da nahikoa eta sarbide zailekoa da, salatu zutenez.

Horrekin batera, heriotza hauei buruzko komunikazioa «sistematikoki» falta dela eta presondegiko arduradunek familiakoei eta kanpoaldeari informazioa «ezkutatzen» dietela deitoratu zuen Salhaketak. «Norbanakoen zaurgarritasun baldintzez gain, ez da ahaztu behar kartzelak gorputzetan eragin kaltegarriak sortzen dituela: isolamendua, harreman dinamika zailak, elikadura txarra eta inguruarekin mendekotasun harremana», azaldu zuen elkarteak.

«BEREHALAKO NEURRIAK»

Egoera hori dela eta, Lakuako Justizia Zuzendaritzari heriotza hauek saihesteko «berehalako neurriak» eskatu dizkio.

Fiskaltzari, bestalde, «ez dadila aparte geratu» exijitu dio, heriotzak zergatik gertatu ziren ikertu dezan, familiei babes legala eta informazioa eman diezaien, «ardurak eskatu ahal izateko» eta kalte ordainak jasotzeko aukera eman diezaien. Babes psikosoziala ere eskatu du.

Presoei dagokienez, osasun arazo fisiko edo mentalak dituztenak zein patologia duala dutenak «berehala aske uztea» nahi dute, «halako kasuek suizidioan amaitzen dutelako askotan».

Horretarako, araudi penalean eta espetxe araudian erreforma bat egitea beharrezkotzat jo du Salhaketak.