GARA
GASTEIZ

LABek unibertsitate publikoa indar dezan eskatu dio Lakuari

Atzo goizean Gasteizen egindako elkarretaratzeko baten bidez, LAB sindikatuak Lakuari eskatu zion Unibertsitate publikoa indartzeko «behar diren inbertsioak» egin ditzala.

LABek deituriko elkarretaratzea, Jaurkaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean.
LABek deituriko elkarretaratzea, Jaurkaritzaren Gasteizko egoitzaren aurrean. (LAB)

LABek elkarretaratzea egin zuen atzo goizean Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, «azpifinantzaketa salatzeko» eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari unibertsitate publikoa indar dezan eskatzeko.

Salatu zuten UPV/EHUko arazo guztiek ez dutela oinarri ekonomikoa, baina «konpondu behar diren egoera askok finantzaketarekin lotura handia» dutela. LAB sindikatuaren ustez inbertsio ekonomiko handiagoa egin beharra dago: «Unibertsitate publikoak finantzaketa handiagoa behar du, jendartearen beharrei erantzun ahal izateko», adierazi zuen. Gizarte moduan «aurrea egiteko» ezinbestekoak diren pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko bidea hori dela nabarmendu zuten atzo egindako elkarretaratzean. EHUren finantzaketa USLOk 2030erako markatzen duen BPGren %1etik «oso urrun» mantentzen dela esan zuten, BPGren %0,4 ozta-ozta gainditzen baitu.

BALDINTZA PREKARIOAK

Unibertsitatean bizi duten egoera prekarioa salatu zuten Gasteizen. Batetik, ohartarazi zuten arduraldi osoko irakasle baten gehienezko irakaskuntza kredituen %75 ematen duten ordezko irakasleek nekez gainditzen dituztela 800 euroak, «egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuek ez baitzaizkie ordaintzen», argitu zuten.

«EHUko langileok ez dugu berreskuratu duela hamarkada eta erdi galdutako erosahalmena», gaitzetsi zuten, eta nahikoak ez diren soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak Lakuak urte horretatik «izoztuta mantendu» dituela azaldu zuten. Irakasle-ikertzaile askok, hurrengo kategorietarako akreditazioa lortu ondoren, promozionatu ahal izateko urte asko itxaron behar izaten dituztela esan zuten, eta horren atzean ere arrazoi ekonomikoak daudela.

Bestalde, adierazi zuten EHUko plantilla ez dela nahikoa jendartearen beharrei behar den moduan erantzuteko; «sail eta zerbitzu askotan langileek gehiegizko lan karga daukate», aipatu zuten, eta proposatu zuten Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak (TEKAZEL), irakasle eta ikertzaileak (IRI) ratioa igotzea.

Gorabehera horiez gain, eraikin askok konponketak behar dituztela kontatu zuten, «itoginak, instalazioen eta altzarien narriadura…» daudela salatuz.

PENTSAMENDUA BULTZATU

LAB sindikatuaren ustez, unibertsitate publikoari dagokio «etorkizun hurbil eta urruneko» profesionalak formatzea, arlo guztietan garatu beharreko ikerketa egiteko, eta baita «gizarte moduan aurrera egiteko ezinbestekoa den pentsamendua eta eztabaida bultzatzeko» ere.

Lakuak ez diola horri erantzuten gaitzetsi zuten, eta ez duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jendarteari begirako egiteko hori betetzen.

Eta aldi berean, unibertsitate pribatuei eskainitako laguntza salatu zuten: «Gero eta erraztasun gehiago ematen zaie unibertsitate pribatuei».

«Guztiontzat lan baldintza duinak bermatu eta unibertsitateak pairatzen dituen hainbeste arazori konpontzeko bidea eman behar zaio, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea indartzeko bideak», adierazi zuten.