Begiratu zuen inguruan, hemen jarraitzen dute

M. Il figlio del secolo” telesailak begirada sakon eta probokatzailea eskaintzen dio Benito Mussolinik XX. mendearen hasierako Italian izandako gorakadari. Italiako mugimendu faxistaren sustraiak eta honen gorakada erakusten ditu.
Protagonista nagusiaren rola Luca Marinellik jokatu du: intentsitate oso nabarmenarekin gorpuztu du Mussolini, eta une oro laugarren horma apurtuko du ikusleari mezuak jaurtitzeko. Publikoari zuzenean hitz egiteak zalantzak eragin ditzake hasieran; pertsonaia gehiegi gizatiartzeko arriskua gertuegi sumatzen da, eta telesaila diktadorearen gorazarre gisakoa eman dezake. Ez da hala izango: ekintzak ez dira justifikatzen.
Baliabide horrek, The Chemical Brothers taldeko Tom Rowlandsek konposatutako soinu banda garaikidearekin batera, historikoa eta modernoa uztartzen dituen atmosfera oso berezia eransten dio.
Oso deigarriak diren beste alderdiak dira birsortze lana eta tonua. Esentzia teatral, eszentriko eta histrionikoaren artean mugituko da narrazioa. Zuzendaritza artistikoa, oro har, aparta da, ikusgarria, baina duen antzerki kutsuak pisu handia du, handiegia akaso; zenbait unetan nekeza izan liteke kontakizuna jarraitzeko, eta sinesgarritasuna galtzaile atera liteke.
Soinuen eta irudien zurrunbiloa etengabekoa da, eta hasieran kostatu egiten da erritmo horretara ohitzea, baina, behin kode horiek onartuta, zirraragarria dela jabetuko zarete. Onerako zein txarrerako, ikus-entzunezkoen errusiar mendi bat da, rara avis moduko bat.
Orain dela 100 urteko pasadizo bat du ardatz, baina harrigarria da nola lotzen den eskuin muturrak gaur egun bizi duen gorakadarekin: «Begiratu zuen inguruan, hemen jarraitzen dugu», esaldia entzuten da lehen atalean.

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»
