Itxaso LEON
BILBO
Interview
Ander Iriarte, Lurdes Etxezarreta, Ane Elordi
«Jalgi hadi!» dokumentala

«Bihotza uzkurtzen digun ekimena da Korrika, denok elkartzen gaituen espazioa»

Begirada 2027ko Zinemaldian jarri dute “Jalgi hadi!” dokumentalaren estreinaldirako. AEKren eta Mirokutana ekoiztetxearen proiektu bat da, eta euskalgintzaren inguruko hausnarketa biltzeko asmoa dute ikus-entzunezkoan, Korrika ardatz hartuta. Diru bilketa martxan dute datorren apirilaren 25era arte.

(Monika DEL VALLE | FOKU)

Euskararen uneko egoera, etorkizuna eta Korrika bera aipagai, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea, Lurdes Etxezarreta AEK-ko Nazio Kontseiluko kidea eta Ander Iriarte “Jalgi hadi!” dokumentalaren zuzendaria batu ditu NAIZ Irratiak Bilboko Lizardi Euskaltegian. Bidean den lanaren mamia, zehaztu dutenez, diagnosi bat egiteko premia izan da. «Euskaltzale gehienok irakurketa bera egin dugu», esan du Iriartek: «Euskara dagoen puntuan ez badugu aurrera egiten, gauden bezala mantentzearekin atzera egingo du».

Diagnosia egiteko saiakeran, ordea, zuzendariak ez du zergati zehatzik topatu, «jende asko, eragile asko, iritzi asko» baizik, bakoitza bere aldetik pentsatzen. Adituen teoria horiek guztiak bat egin nahian eta jakin-minak bultzatuta, ikuserraza izango den proposamen bat osatzeko asmoa du: «Denok batuko gintuen indargune bat behar nuen, eta euskaldunok badugu bi urtero bihotza uzkurtzen digun ekimen bat, Korrika. Pentsatu nuen hori izan zitekeela denok elkartuko gintuen espazioa». Horregatik, Korrika bihotz eta ardatz izango duen dokumentala da martxan jarri dutena; bide batez, burmuin oro astintzeko eta iritzi ahalik gehien jasotzeko.

AEK-k gogotsu erantzun zion ezinegon horri. Etxezarretak irribarretsu dio «korapilo potolo batean» sartu direla eta lanez lepo daudela, baina ezin izan ziotela ezetzik esan.

Ideia hori gorpuzteko, dokumentalak hainbat euskal eragile bilduko ditu, euskalgintzaren mundukoak eta baita beste arlo batzuetakoak ere. Elordik zehaztu du 50etik gora parte hartzaile izango direla. Handik eta hemendik ekarri izanaren arrazoia, berriz, «euskararen auziak askotarikoak direla, eta gure asmoa hurrengo berpizkunde posible batean eragitea bada, hori arlo askotan eman beharko da, ez euskalgintzan bakarrik». Hainbeste buru eta aburu jaso ondoren, ohartu dira «oso zaila» izango dela diagnosi bakar bat egitea.

BEGIRA, ALBORA ETA ATZERA

Elkarrizketatuek ere badute haien interpretazioa. Iriartek begirada intersekzionalarekin so egiten dio: «Hirugarren iraultza bat asmatu behar dugu denok elkarrekin, errealitatea oso desberdina baita hiru lurralde administratiboetan; bizirik iraun nahi badugu, estrategia eta helburu partekatu bat lortu behar dugu».

Iriartek berak aitortu du bide horretan sekula ezagutu gabeko errealitateak ikusten ari dela, eta jabetu dela albokoari begiratu eta minimoak aurkitzeko garrantziaz, aurrera egin nahi bada. Hori lortu ezean, sentipena izango luke «euskara gaixo bat dela eta administrazioen aldetik zaintza paliatiboak jasotzen ari dela, baina horrekin egiten den bakarra sufrimendua gutxitzea da, ez da gaixorik dagoena sendatzen».

Elordiren iritziz, «oraina leku batzuetan oparoa da, atzera begiratuz gero. Bada garaia lan handia egin dela esateko, eta horri esker gaudela hemen». Hala ere, zehaztu duenez, «geldialdi une batean gaude, eta hori erabakigarria izango da aurrerantzean elkarrekin eta euskararen alde egingo dugun bide horri begira».

ORTZIMUGA DISTIRATSU BAT

Erronka eta gozamena, biak batu zaizkio proiektuan horren zuzendari den Iriarteri, ardura puntu batekin. Elordik: «Ezin dugu aurreikusi zer bide izango duen dokumentalak, baina gizartean eragiteko moduko tresna izatea espero dugu».

Lau urte luzeko lana izango da, eta jadanik diru bilketa abiatu dute, Etxezarretak ondo azaldu duenez, «proiektua babestea, emaitza ikusi gabe baina gaia eta helburuak ezagututa». Jendeari ufada eskatu diote, gero erakunde publikoetara aise iristeko. Uztartze horretan datza arrakasta. Ekarpen hori egiteko, apirilaren 25era arte luzatuko da bilketa kanpaina. Goteo plataformaren bitartez, «ekarpen kopuru desberdinak egiteko aukera izango da, eta horren truke sariak egongo dira».

Aurreikuspenen arabera, 2027an plazaratuko dute dokumentala. Urte horretako Zinemaldia litzateke helburua eta mugarria, eta 2026an zehar grabatuko da. Estreinaldiarekin batera hasi nahi dute bira, 25. Korrikara «indar eta arnasa betez» iristeko.

ERDIGUNERA

“Jalgi hadi!” izenburuko proiektuak orduan jalgi egingo du: «Euskaraz daukagun libururik zaharrenean esan zuen Etxeparek jalgi hadi kanpora, berak argi zeukalako euskara ezin zela etxean geratu, euskarak kalea irabazi behar zuela. Eta dokumental honetan espiritu horri so egin nahi diogu, denok atera gaitezen euskara erabiltzera kanpora eta jar dezagun euskara erdigunean».

Urtebete barru, data honen bueltan, 24. Korrikan murgilduta egongo gara. Urtebete igaro da, era berean, azkenekoz Euskal Herria ttipi-ttapa zeharkatu genuenetik, eta orduan sortutako gogo bera baliatuko da aurrerantzean ere erregai gisa.

Hurrengo edizioko behin-behineko ibilbidea eta mezua prest daudela adierazi digute, baina azaroan izango dugu horien berri. Zertxobait gehiago itxaron beharko dugu, berriz, dokumentala ikusteko. Tartean, jakina, bada egitekorik franko.