Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Beltran

Sariak subjektiboak dira, norbaitek jasotzen baitu beste batzuek, irizpide zenbaiten arabera, horrela erabaki dutelako. Eta askotan eztabaida sutsuak edo arinak piztu ohi dira erabakiaren gainean, pertsona saritua egokia ote den edo, ene!, azpijokorik izan ote den saritze prozesuan. Edozein sariri lotutako gorabeherak dira. Baina badira adostasun nahikoa lortzen duten sariak, bizitza-ibilbideari emandakoak, batez ere. Horietako bat da Eusko Ikaskuntzak eskaini ohi duen Manuel Lekuona saria. Aurten Juan Mari Beltran Argiñena izan da saritua. Eta poz handia hartu dut.

Gaztetan ezagutu nuen Juan Mari “Txistu”, herri musika herritarren artean zabaltzeko lanean, kontzertuetan bezala festa alternatiboen giroan ere, beti txistua, dultzaina edo alboka eskura.

Hernaniko musika eskola zabaldu berrian alboka irakaslea nuela, herri kulturaren aberastasuna eta garrantzia irakatsi zigun. Urte batzuk geroago, kontalaritzaren bidean hasi nintzenean, oinarrizko irakaspena izan zen hura herri-kultura ekosistema baten gisa ulertzeko. Ipuinak, kantak, musikak eta dantzak elkarren arteko harremanak osatzen dituzte, batzuek besteak osatuz. Beltranek alboka jotzen baino askoz gehiago erakutsi zigun, herri kulturaren partitura ulertzen erakutsi zigun. Saria berak eman zigun.