Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE STUDIO

Hollywoodi buruzko satira paregabea

Hollywoodeko ‘‘b’’ aldean usnaka aritzea gustatzen zaienek ikaragarri gozatuko dute “The Studio” telesaila. Matt Remick (Seth Rogen) da protagonista nagusia. Patty (Catherine O'Hara) Continental Studios estudioen zuzendaria berriki kaleratu dute eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko. Une horretatik aurrera zinema industriaren desafioei eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die.

Industriari egiten zaion kritika umoretsuaz harago, “The Studio” zinemarekiko maitasuna jariatzen duen proposamena da eta hori osagai teknikoetan antzematen da. Duen itxura estetiko berezian, adibidez: zeluloidean filmatuta dago. Sitcom izaera duen telesaila bada ere, eszenaratzea eta erabiltzen duen hizkuntza zinematografikoa oso aberatsa da. Pertsonaiei etengabe segika doan kamera urduri bat erabiliz, mundu guztiak ziztu bizian eta oso ozen hitz egiten duen bitartean, plano sekuentzia luzeekin filmatu dute nagusiki. Soinu bandak, aldiz, Antonio Sanchez bateria jotzaile eta konpositore mexikarraren perkusioak helduleku gisa erabiliz, abiadura eta presa sentsazioa areagotuko du.

Telesailak antzezle zerrenda ikaragarria badu ere, deigarriena euren buruaren rola jokatzen duten pertsona ospetsuen kameoak dira; Martin Scorsese, Brian Cox, Paul Dano, Zac Efron, Charlize Theron edo Olivia Wilde, esate baterako. Agerpen horiek umorea eta benetakotasuna eransten dizkiote satirari.

Komedia entretenigarri eta gogoetatsu honek begirada umoretsu eta kritikoa eskaintzen die industria zinematografikoaren zirrikituei. Zinemarekiko maitasun gutunez mozorrotutako Hollywood-eko industriari buruzko satira paregabea da.