Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

(Ber)Estreinaldiak

Iazko Hego Euskal Herriko zinemetako filmik ikusienen artean “Inside out 2”, “Gladiator II”, “Gru 4”, “Vaiana 2”, ‘‘Kung Fu Panda 4’’ eta tankerakoak izan ziren.

Urtea hasi denetik zifra zehatzik ez dagoen arren, egungo zinema aretoetako eskaintzan remakeak, prekuelak, superheroienak eta obra askoren nahas-mahasak diren filmek nagusi izaten jarraitzen dute.

Lantzean behin obra originalak estreinatzen dira, baina bada azken urteotan hedatzen ari den beste fenomeno bat: zaharberritu ostean, bere garaian zinematatik igaro ziren film askoren berrestreinaldia.

Hollywoodek sekuelak, remakeak edota rebootak erabili izan ditu orain arte nostalgia ustiatzeko, baina orain bere garaian arrakastatsuak izan ziren filmak berriro estreinatzearen aldeko apustua egiten ari direla dirudi; “Pulp Fiction”, “Titanic”, “Godfather” eta berriki “Paris Texas”, esaterako.

Agerikoa da erabaki horrekin etekin ekonomikoa eta errentagarritasuna soilik bilatzen dela, baina mugimendu hau baikortasunetik aztertu nahiko nuke.

Ikusleek gurtzen zituzten klasikoak berriro pantaila handian estreinatzea, beharbada, lagungarria izan daiteke gogorarazteko zergatik joaten ginen lehen hainbeste zinema aretoetara eta zoritxarrez gaur egun hain gutxi.

Gainera, adinarengatik bere garaian pantaila handian ikusterik izan ez genituen izenburuak zinemetan ikusteko aukera izatea paregabea iruditzen zait.