Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
MINECRAFTFILM BAT

Blokeen eta kaos narratiboaren artean galduta

Netflix-en ‘‘Egoera elektrikoa’’ (“The Electric State”) estreinatu ondoren, izen bereko bideojoko mitikoan oinarritutako ‘‘Minecraft film bat’’ (“A Minecraft Movie”) ere euskaraz estreinatu da. Bi filmak ez dira bereziki distiratsuak, baina zeinen pozgarria eta garrantzitsua den mundu mailako bi blockbuster geure hizkuntzan estreinatzea.

Bigarrenak moldatu gabeko lau pertsonen inguruko istorioa azaltzen du. Atari misteriotsu baten bidez Overworld izeneko mundu bitxi batean amaituko dute: mundua, bere osotasunean, kuboz osatuta dago. Pelikulak bideojokoaren alderdi bisuala ehizatzea lortzen du, eta kuboz osatutako mundu berezi horren esentzia bere horretan mantentzen da, baina narratiba nahiko funsgabea da. Bisualki erakargarria den esperientzia eskaintzen du, entretenigarria da eta bere funtzioa betetzen du, baina gidoia oso azalekoa da.

Paisaia kubikoek, izaki ikonikoek eta efektu bereziek bikainki birsortzen dute “Minecraft” mundua; ingurune horretan hezur-haragizko pertsonaiak txertatzean, ordea, apur bat desorekatu egiten da guztia.

80-90eko hamarkadako abenturazko filmek zuten umorearen eta emozioaren arteko oreka polita mantentzen da, eta jokoaren zaleek estimatuko dituzten erreferentziak daude, baina “Minecraft” unibertsoa arrotza zaien ikusleak jokoz kanpo geratuko dira. Blokeen eta kaos narratiboaren artean galduta sentituko dute euren burua.

Gainera, une batetik aurrera irudien eta ekintzen bonbardaketa etengabea da; haurrek beharbada gozatuko dute, baina zenbait unetan oinarrizkoa eta hutsala da, gehiegizkoa.

Komedia absurdoa, akzio eszena kaotikoak eta bere norabidea aurkitu ezinik dabilen istorioaren arteko nahasketa irregularra da.