Arnaitz GORRITI
ITZULIA 2025

Caleb Ewan «Tasmaniako deabrua» erraz nagusitu da Lodosako esprintean

Haizerik gabe, tropelak nahikoa izan zuen etapa hasieratik ihesari eman zion boskotea kontrolpean izatea. Horien artean gehien iraun zuena Xabier Isasa Euskaltel-Euskadiko urretxuarra izan zen, Lodosako atarian, bi kilometroren faltan harrapatu zuten-eta.

Caleb Ewan, jaun eta jabe Lodosako esprintean.
Caleb Ewan, jaun eta jabe Lodosako esprintean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

World Tourrean 2022az geroztik garaipenik lortu ezinik zen Caleb Ewan Ineos taldeko txirrindulari tasmaniarra. Joan zen astean Coppi-Bartali astean esprintean nagusi izan zen australiarra eta atzo, berriz, «Tasmaniako deabrua» bailitzan, airean eraman zituen Lodosan amaitu zen esprinteko aurkariak. Beraz, erraz asko nagusitu zen.

Protagonistetako bat izan zen Ewan. Bestea Euskaltel-Euskadiko Xabier Isasa urretxuarra izan zen. Iruñetik Lodosara bitartean egin zituzten 186 kilometroak -laburtu egin zuten ibilbidea, La Olivako mendate jaitsiera arriskutsua irudituta, San Martin Unxeko mendatea igo zuten txirrindulariek eta orotara 13 kilometro gutxiago egin zituzten- ia hasi eta buka alde eginda pasatu zituen honek. Ez zen bakarrik gipuzkoarra, Kern Pharmako Diego Uriarte Barañaingo semea eta Caja Ruraleko Julen Arriolabengoa, Eskoriatzakoaz gain, Burgos taldeko Sinuhe Fernandez asturiarra eta Tobias Bayer Alpecin-Deceuninck taldeko austriarra lagun izan zituen.

Ia hasi eta buka hanka eginda ibili ziren bost txirrindulariak, betiere jakinik beren ahaleginak ez zuela arrakastarik izango. Alabaina, batetik, Diego Uriartek mendiko sailkapeneko maillota sendotu zuen eta, bestetik, Xabier Isasak azken kilometroetan, tropela gainean izanda ere, hordagoa jo zuen, eta Lodosako ateetan harrapatu zuten azkenean, helmugarako bi kilometro falta zirela.

Isasaren ihesaldi ahaleginak tropela tenkatu zuen, eta horren ondorioz eroriko bat ere gertatu zen. Tartean Visma taldeko Campenaerts lurrera joan zen eta Maximilian Schachmann liderrak ere tropelarekin kontaktua galdu zuen, nahiz eta azkenean taldekideei esker berriz ere artaldera batu.

CALEB EWAN, EROSO

«Eskerrak ez duen alboko haizerik jo. Halakoetan nahiko gaizki moldatzen naiz. Baina zorionez eguraldi bikaina izan dugu, eta haizerik gabe. Etapa erraz eraman ahal izan dugu. Gero, azken metroetaraino ederki eraman naute taldekideek, eta azken zuzengunean erasoa jota irabazi dut», esan zuen Ewanek.

Kide bakarra izan zuen esprinta bideratzeko «Tasmaniako deabruak», baina Ewan ederki moldatu zen azken zuzengunera ongi kokatuta iristeko, neurri batean Intermarche taldeko kideek esprinta kontrolpean eramateko egindako ahaleginari esker.

Haizeak bakea eman zuenez, sailkapen nagusian ez zen aldaketarik izan. Gaur beste kontu bat izango dela dirudi. Zarautzen hasi eta Beasainen helmuga: 156,6 kilometroko ibilbide bihurria, tartean bigarren mailako bi mendate eta hirugarren mailako bost igoko dituzte, Lazkaomendi gaina, helmugatik sei kilometro eskasera.