8.000 ertzainekin konforme ez eta 9.000 eskatu ditu Euspelek
Ertzainen kopurua 8.000ra igotzeko akordioa bultzatuko duela iragarri du Lakuako Segurtasun Sailak, horren beharra justifikatu gabe. Euspel horren alde azaldu da, baina jada ez dela nahikoa adierazi du aldi berean, eta 9.000 izan daitezela eskatu du.

Euspel sindikatuak ertzainen kopurua 9.000ra igotzeko eskatu du, nahiz eta oraingoz Lakuako Segurtasun Sailak gutxienez 8.000ra igotzeko iragarri duen planaren alde egin duen.
Ohar baten bidez, sindikatuak joan den asteazkenean Ertzaintzaren Kontseiluan hartu zuen posizioaren berri eman du. Bertan 8.000 ertzainetara iristen saiatzeko Enplegu Planaren bide orria aurkeztu zen, Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak aurretik jakinarazi zuenez.
8.000ko kopuru hori 2005. urtean adostu zuten Estatuko eta Lakuako gobernuek, eta horri eutsi egin zaio orain, nahiz bi hamarkada hauetan kontuak nabarmen aldatu diren. Besteak beste, ETAk bere zikloa amaitutzat eman du.
«Horren alde bozkatu genuen, baina 9.000ko helburua eskatzen jarraitzen dugu, oinarrizko dokumentazioa jaso eta plana eztabaidatzeko bilerak hasi bitartean», adierazi du Euspelek.
Honezaz gain, Euspelek azaldu du Segurtasun Sailak eta ErNE, ESAN eta SiPE sindikatuek martxoaren 14an Ertzaintzaren Negoziazio Batzordearen esparruan sinatu zuten 2025-2028ko Akordio Arautzailea ez dela uda arte aldizkari ofizialean argitaratuko.
Akordio horren bitartez ertzain bakoitzak gutxienez 350 euro gehiago kobratuko ditu hilero, hemendik 2028ra bitarte adostu diren onuren bitartez. Gainsarien bidez gauzatuko da igoera hori: batzuk nabarmen igo dituzte, eta beste batzuk orain sortuko dituzte helburu horrekin.
Kalte ordainei, karreraren aurrerapenari eta Enplegu Planaren bide orriari buruzko dekretuen aldaketa partzialari buruzko aurreko txostenari dagokionez, Ertzaintzaren Kontseiluak aho batez onartu zuela ezagutarazi du Euspelek.
Dena den, sindikatu honetako ordezkaritza abstenitu egin da araudi aldaketak bozkatzean, «arbuio arduratsuaren ekintza» gisa, negoziazioetan parte hartu ez duelako. ErNE, Esan eta SiPE dira akordio hori sinatu duten hiru sindikatuak.
«Ez gaude ados mamiarekin eta formarekin, eta gure jarrerak argi uzten du ez dugula onartzen kolektiboaren atzean ezartzen dena», berretsi du Euspelek. Ertzainas en Lucha deituriko dinamika asindikalak ere adostutakoa ez dela nahikoa adierazi du.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
