«Posta kodearen arabera eskubide batzuk aitortu edo ukatzen zaizkigu»
Nafarroako herrietako zubietan ekimena egingo du Sorionekuak taldeak, heldu den maiatzaren 10ean, «Ireki ateak euskarari» lemapean. Etorkizuna Nafarroan euskaraz izango dela eta zonifikazioa amaituz lege berri bat egiteko momentua dela adierazi zuen atzo Xabier Gartzia talde horretako kideak, NAIZ Irratian egindako elkarrizketan.

Zer suposatzen du egitasmo honen parte izateak?
Duela bi urte sortu genuen egitasmoa, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren aitzakiapean. Sorionekuak etorkizunerako, harrotasunerako eta poztasunerako dei bat da. Finean, erakutsi zigun euskara beti izan dela hemen, nafar guztiona dela eta hori dela etorkizuna, euskarari lotutako Nafarroa.
Nola jaso dute herriek deia?
20 bat herri eta eskualde iragarri genituen maiatzaren 10ean haien herrietako zubiak hartu eta etorkizunerako zubia irudikatzeko. Harremanetan gaude beste batzuekin eta sorionekuak.eus webgunean izena eman daiteke, edo gurekin zuzenean harremanetan jarriz.
Zer funtzio izango dute zubi horiek?
Norberak badaki bere herrian zer egin dezakeen. Etorkizunerako zubiak eraiki eta igarotzeko deia egingo dugu, euskaratik eta euskaraz izango delako etorkizuneko Nafarroa. Hainbat herritan egitarau batzuk lantzen ari dira eta herritarrak zubi horietan elkartuko dira.
«Ireki ateak euskarari» da lelo nagusia. Zabaldu beharreko ate asko dago oraindik?
Ukazioan oinarritzen diren diskurtso eta ideologiak daude. Nafarroari ateak ireki behar zaizkio. Goizean zubiak eraiki eta arratsaldean Iruñean mobilizazioa egingo dugu. Elkarbizitza bultzatu behar da, errespetuz bizi behar dugu eta ateak ireki behar zaizkio euskararen jendarteari.
Euskararekiko gorrotoa nabaritzen duzu Nafarroan?
Jakina, oldarraldi judiziala, politikoa eta ideologikoa izugarria da. Nafarroan euskara ez da eremu osoan ofiziala, gure posta kodearen arabera eskubide batzuk aitortu edo ukatzen zaizkigu eta horri buelta emateko unea da.
Nolako osasuna dauka gaur egun euskarak Nafarroan?
Euskalgintza eta herri eragileak urratsak egiten ari gara. Gero eta ezagutza handiagoa dago, baina erabilera ez dator bat horrekin. Belaunaldi gehienek badute harreman minimo bat euskararekin. Alabaina, oraindik lotsagarria da ereduen araberako hezkuntza sistema hau. Oraingo gobernuak ez du pausorik ematen eta %65ek ez dute harremanik euskararekin. Aitzitik, ezagutzak gora egin du, erabileran urratsak egin dira eta beste giro bat dago gaur egun euskararekiko Nafarroan.
Irailean, Europako Kontseiluak esan zuen euskarak Nafarroan duen oztopo nagusia zonifikazioa dela. Bat egiten duzue baieztapen horrekin?
Nafarroan mugituz gero, eskubide horiek irabazi edo galtzen ditugu. Hori traba handia da euskaraz bizi nahi dugunontzat. Uste dugu ofizialtasunik gabe zonifikazioa gainditu daitekeela eta beste estatus bat lortu normalizaziorako.
Gaur egun, hautetsiek espainiar Parlamentuan euskaraz hitz egin dezakete. Ez da deigarria Madrilen erosotasun hauek izatea eta Nafarroako herritarren artean oztopoak?
Oso deigarria, bai, eta bitxia. Madrilen gauza batzuk onartu eta hemen euskaldunok gure hizkuntzarekin ezin aritu izatea edozein administraziorekin. Hori amaitzeko unea da.
Zer egin daiteke zonifikazioa eraldatzeko?
Borondate politikoa behar da lege berri bat egin eta euskarari beste estatus bat emateko. Horretarako, zoritxarrez, Nafarroako Parlamentuan ez dago gehiengorik. Badago gehiengo bat jendartean hori aldarrikatu nahi duena, eta horri kasu egin beharko diote alderdiek jendarte berria eraikitzeko.
Zerk justifikatzen du zonifikazioa?
Urte luzeetan Nafarroan euskararen kontrako politika egin da. UPNk eta PSNk egin dute, badakitelako euskara sustatuz gero bestelako errealitate soziopolitiko bat izan daitekeela. Begiratu besterik ez dago urteetan Erriberan UPNk egindakoa. Espainiarekin eta Zaragozarekin lotu du Erribera eta ez Iruñearekin. Horrek espainiartasuna ekartzen du eta euskararekiko gorroto izugarria. Buelta ematen ari zaio horri eta herri mugimenduak zerikusi nabarmena izan du.
Euskaraldia badator. Nola ikusten duzue ekimen hau?
Ekimen interesgarria da eta euskaldunok aktibatzen gaitu, baina motxila ezin da soilik norbanakoon gainean jarri. Baldintzak sortu behar dira eta zonifikatutako herrialde batean erakundeen aldetik ez bada aurrerapausorik ematen, nekez lortuko dugu euskara suspertzea. Hemen euskaraz bizi nahi duen herri bat dagoela aldarrikatzeko balioko du.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
