Lakuak hedabideak babestuko ditu, desinformazioari aurre egiteko
Zazpi milioi euro banatuko ditu Lakuako Gobernuak hedabideentzako laguntzetan. Helburua adimen artifizial sortzaileak edukien sorreran, lanketan eta argitalpenean duen eragin negatiboa ahalik eta gehien txikitzea eta desinformazioari aurre egitea da.

Adimen artifizialak berarekin dakarren desinformazioari aurre egiteko helburuarekin, zazpi milioi euro banatuko ditu Lakuako Gobernuak hedabideen artean, atzo bildutako Gobernu Kontseiluak jakinarazi zuenez.
Zehaztu zuen egoitza Araban, Bizkaian edota Gipuzkoan duten eta egunero lan egiten duten komunikabideei zuzendutako laguntzak direla (prentsa idatzia, digitala, irratia eta telebista).
Deialdia egiteko agindua maiatzaren 12an argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 13tik ekainaren 12ra bitartekoa izango da.
PROFESIONALAK, FUNTSEZKOAK
Lakuak adimen artifizialak berrikuntzari eta garapenari egiten dion ekarpena aitortu zuen baina, aldi berean, informaziorako eskubideari ekar diezaiokeen arriskuan ere jarri zuen arreta. Imanol Pradales buru duen Gobernuak uste du hedabideetako profesionalek «berebiziko garrantzia» dutela eskubide hori betetzeko. Bere hitzetan, «ezinbesteko eragileak» dira desinformazioaren aurkako borrokan eta, beraz, «balio demokratikoen garapenean».
Laguntzak eskuratu ahal izateko, komunikabideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoitza edo lurralde ordezkaritza izatea; EAEko biztanle guztientzat eguneroko aktualitateko gertakariei buruzko informazioa eta interes orokorreko edukiak eskaintzea, edo bere eremuko biztanleentzat interes orokorreko tokiko edo eskualdeko edukiak eskaintzea (gutxienez %15, ekoizpen propioko edukiak EAEn); gutxienez bost langile izatea 2024ko abenduaren 31n, eta langile horiei eustea gutxienez diruz lagun daitekeen proiektuak edo jarduerak irauten duen hiletan.
BI ATALETAN BANATUTA
Zazpi milioi euroak komunikabideen ezaugarrien arabera antolatutako bi atal handitan banatuko dira. Horrela, alde batetik, sei milioi euro banatuko dira komunikabide jeneralistentzako laguntzetan. Hedabideok 25.000 erabiltzaile edo gehiago izan behar dituzte edo 5.000 entzule euskara hutsean emititzen duten irratietan, CIESen azterketen datuek hala jasota.
Beste alde batetik, milioi bat euro gorde da tokiko edo eskualdeko edukia duten eta eguneroko informazio ematen duten komunikabideentzako laguntzetarako.
Lerroa bi azpiataletan banatu da: CIESen gutxienez 4.000 erabiltzaile dituzten hedabideentzako laguntzak (700.000 euro), eta CIESen 4.000 erabiltzaile baino gutxiago dituzten komunikabideentzako laguntzak (300.000 euro).

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
