«Hau ez da historiari buruzko liburu bat bakarrik, aktualitatea ere bada»
‘Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa’’ (Pamiela) liburua argitaratu du Franck Dolosorrek. Egileak adierazi duenez, totalitarismoa borrokatzea izan zen Gernika Batailoiaren ekarpena. Batailoian jeltzaleak, sozialistak, komunistak, anarkistak eta bestelako abertzale batzuk zeuden, diktaduraren kontrako borrokan aniztasuna zegoen seinale.

Apirilaren 14an 80 urte bete ziren Gernika Batailoia Pointe de Graveko (Gironda) gudu zelaian sartu zela, Bigarren Mundu Gerran. ‘‘Gernika Batailoia. Askatasunaren ametsa’’ liburuak borrokaldi horretako parte hartzaileen berri ematen du. Gerra bat galdu ondoren, Kepa Ordokiren gidaritzapean, askatasunaren alde eta faxismoaren kontra antolatu ziren 200 lagunen istorioa Naiz Irratira ekarri du Franck Dolosor kazetariak.
Euskal herritarrek une historiko horretan egin zuten ekarpenaren kontakizuna egin du Dolosorrek, gerra garaian bizi izan zutenekoa. Baina badu gaurkotasunetik, Europan eta hemen ere, eskuin muturraren berpizkundea gertatzen ari den garaiotan, etor daitekeenaren inguruko ohartarazpena delako Dolosorrek idatzitako liburua, baita irakaspen bat belaunaldi gazteentzat ere.
Ezinbestean galdetu behar dizut ekarri duzun metalezko kutxaz. Lehen aldia da halako kutxa batekin norbait gure elkarrizketetara etortzen dela. Zer da?
Miguel Arroyo gudari zendu berriak eskaini zidan. 101 urte beteko zituen laster, eta duela zenbait aste hil zen Angelun, bere etxean. Zenbait opari egin zizkidan. Batetik, bere lekukotasuna, eta hori eskertzekoa da; bere laguntasuna ere bai, eta Gernika Batailoiaren talde argazki bat. Aipatzen dugun liburuaren azala da. Miguel Arroyo Kepa Ordoki komandantearen ondotik ibili zen duela 80 urte, eta honelako kutxak zituzten munizioekin lasterka ibiltzeko.
Etxean dut, eta gustatzen zait erakustea eskuin eta ezker hitzaldiak ematea aurkezpenetan edo hemen hedabideetan. Ez naiz batere arma zalea eta hau azkenean gerlaren eta lekukotasun zuzen-zuzena da, bunkerrak ditugun bezala, eskuin eta ezker gure kostaldean. Noizbait emanen dugu, ez dakit toki publiko batean, museo batean edo fundazio batean, baina baldintza bakarra izanen da: denen esku egotea betiko.
Bala asko jasoko zituen kutxa horrek duela 80 urte. Euskaldunek Bigarren Mundu Gerran parte hartu zutelako. Eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuko. Nola definituko zenuke Gernika Batailoia?
Bigarren Mundu Gerran euskaldunek parte hartu zuten, nola ez, Ipar Euskal Herrikoek, hasteko. Eta ikusten da gure herri guzietan, Zuberoan, Baxenafarroan eta Lapurdin badira oroigarriak eta hilen izen-deiturak. Nik hortik dut lotura zuzena. Familian hilak izan baikenituen. Espainiak ez zuen gerran parte hartu, baina lotura zuzena ere izan zuen naziak laguntzeko, eta ederki bizi izan ziren, bertzeak bertze, Gipuzkoan.
Erbestean zen jaurlaritzak pentsatu zuen euskaldunak biltzea Kepa Ordoki komandantearen inguruan, eta hari agindua eman zioten. Biziki interesgarria da batailoi honek zuen aniztasuna. Hori ez da maiz gertatzen gure herrian, gure nazioaren historian. Alde batetik, jeltzaleak, bistan da, baina sozialistak, komunistak, anarkistak, Eusko Abertzale ekintzako kideak ere bai, komandantea (Ordoki) buru zela. Hor bazen batasun bat, denak (Jose Antonio) Agirreren zaleak zirelako. Asmoa zen batailoi bat sortzea aliatuak laguntzeko, Point de Graven borroka egiteko. Duela 80 urte izan zen, 1945eko apirilaren 14tik 20ra.
Miguel Arroyo aipatu duzu, Kepa Ordoki ere bai. Liburu honek baduena da gudari askorekin hitz egiteko aukera izan duzula.
Ohorea da, urrezko orduak. Jendeak erraten du, zuk diamantearekin lan egiten duzu. Nik esaten dut ezetz, balio gehiago duen zerbaitekin ari naiz, jendearekin. Ni berant etorri nintzen gai honetara, duela 10 bat urte. Ordurako pasatu ziren jadanik 70 urte. Dokumental bat egin nahi genuen eta bi gudari mintzarazi genituen luze eta zabal. Ondotik bertze bi gudari ezagutzeko ohorea izan genuen. Gure dokumentala osoa da, Gernika batailoia zer izan zen aipatzen dugu, baina liburu honek orain aukera ematen du gaian sakontzeko, banatzeko eta bereziki testuingurua lantzeko, Euskal Herria zatituta dagoelako. Bistan da muga hor dela, eta orduan ere hor zen. Baina muga euskaldunek jakin izan dugu baliatzen alde batetik bestera pasatzeko.
Naziek egin zuten lehen gauza izan zen mugaraino etorri eta Hendaian Frantziako bandera kendu, beren svastika emateko. Gernika Batailoiaren ekarpena hori da, totalitarismoa, diktadurak borrokatzea, Euskal Herrian, etxean, baina baita ere munduko edozein tokitan. 200 gizon ziren, bost gudari hil ziren, 17 zauritu. Ekarpen mugatua, baina ongi erakusten du demokrazia eta askatasuna laguntzeko eta sustatzeko prest zirela.
Ibilbide hori guztia ordezkatu dezakeen gudari bat zen Paco Perez Lusarreta. Jaurrietan jaioa, gero Irunera joana, Bigarren Mundu Gerrarekin Bordele aldera jo zuena, gero Mugalari bezala ere aritzeko. Meliton Manzanasek torturatutako pertsona bat, gainera.
Egia erran, Paco profeta bat zen. Eta gustatzen zait biziki uztartzen zituela gogoeta sakonak eta umorea. Pacok erraten zigun beti hemen ez dela deus aldatu; Irunen, Gipuzkoan ez da deus aldatu 70 urtez.
Nik erraten nion zenbait urrats egin direla aitzina. Gernikako Autonomia Estatutua, hor dugu, Nafarroa Garaiak ere badu berea. Geroztik, Ipar Euskal Herriak ere zenbait urrats aitzina egin ditu Elkargoarekin. Nik esaten nion, hala ere, Paco, ikusi zuek nondik etorri zareten. Berak, ezetz. 93 urte zituen jadanik eta esaten nion, nik ez dizut kontra eginen Paco, baina esadazu zergatik gelditzen zaren horretan. Pacoren erantzuna sinplea zen. «Horiek errepublika kendu ziguten. Ez dute sekula berriz ere ezarri».
Duela 80 urte historiarako une gako bat bizi izan zuen Euskal Herriak. Hori ere ederki asko irudikatzen da Gernika Batailoiaren historian, haren funtzio bikoitzean, lehen pausoa zelako aliatuekin harreman ahalik hoberena edukitzea, ostera Euskal Herria askatu ahal izateko. Baina amaiera ez zen pentsatu bezalakoa izan.
Kolpe ikaragarria izan zen. Batetik entzuten duzu, duela 80 urte, De Gaulle jenerala honakoa erraten: «Frantziak ez du sekula ahantziko euskaldunak egin duten indarra eta sakrifizioa». Baina gauza bera da, euskaldunak beti galtzaile. Azkenean, hitz ederrak. Itunik ez zen, baina zerbait egiten ahalko zuten demokrata gisa, errepublikano gisa. 30 urte gehiago iraun zuen Francoren diktadurak.
Hori kolpe ikaragarria izan zen. Eta pertsonalki erraten digute ikusten zutela beren herrialdea zer egoeran zen. Mugan bizi izan ziren denbora luzean. Jaurlaritzak Baionan zuen ordezkaritzan zenbait jantzi banaketa egin zituen. Gudari guzi-guziak joan ziren bila. Gu askatu gintuzten eta gero gaizki pasatu zuten.
Zer ikusi zuten? Zer jasan zuten? Egin zuten garaian egin behar zutena, ederki egin zuten eta horregatik gogoratzen ditugu orain. Hau ez da filma, irratsaioa edo liburua. Hau omenaldia da. Hau ez da historiari buruzko liburua bakarrik, bada historia, baina bada aktualitatea.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
