GARA
GETARIA

Kantauriko berdel kuotaren %73 eta antxoaren %30 arrantzatu da

Estatu espainolako flotak berdelari esleitutako kuotaren %73 eta antxoarentzat ezarritako kopuruaren %30 dagoeneko arrantzatu dela jakinarazi zuen atzo Leandro Azkue Lakuako Arrantza sailburuordeak.

Getarian egin zen XIII. Antxoa Egunaren aurkezpen ekitaldian eman zituen zifra horiek Azkuek, eta bertan izan zen Norberto Emazabel Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidentea ere. Martxoan hasi zen Kantauriko antxoaren kanpainari dagokionez, apirilaren 30era arte 8.565.011 kilo harrapatu ziren; hau da, aurten ezarritako kuotaren %30; orotara 28.610.515 kilo harrantzatzeko aukera dago.

Bestetik, berdelari dagokionez, apirilaren amaierara arte 18.255.963 kilo deskargatu ziren; hau da, kuotaren %73 inguru; guztira 25.006.750 kilo jasotzen ditu kanpainak.

IAZ BAINO GARESTIAGO

Leandro Azkuek «txartzat» jo zuen berdelaren kanpaina, bereziki amudun aparailu txikiko flotarentzat, eta antxoaren batez besteko prezioaren balantze «positiboagoa» egin zuen.

Prezioaz esan zuen garestitu egin direla bai berdela, baita antxoa ere. Antxoa kiloaren batez besteko prezioa 2,27 eurokoa izan da, eta iaz 1,51 eurokoa izan zen. Eta berdel kiloaren batez besteko salneurria, berriz, 2,10 eurokoa izan da; iaz 1,34koa izan zen.