«Zuek eman diozue bihotz forma Euskal Herriari»
14.000 herritar bildu ginen atzo BECen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi aitortza kolektibo bat egiteko, hezur eta haragizko eskertza bat, Euskal Herriarentzat pribilegio bat delako halako pailazoak izatea. Gaur egungo euskal eszenako puntako artisten lagin zabal batek egin zuen bere ekarpena, eta Sol Band gazatarrek ere bai, genozidioari ahotsa jarriz.

Herri omenaldi erraldoia jaso zuten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Euskal Herriak aunitz baitu sudurgorriei eskertzeko. 37 urtean, belaunaldi osoak hezi dituzte euren abestiekin, irri eta maitasun infinituarekin. Atzo herritarron txanda izan zen eta 14.000 lagunek erran genien bihotzez denok batera “Maite zaitut!”.
Barakaldoko BEC Bizkaia Arenan izan zen besta. 15.30ean ateak ireki eta 17.00etan hasi zen bi ordu inguru iraun zuen ikuskizuna.
IRRI EGITEN DUENARI
«Maitasun da ma, tasun denen ama, tasunen amama, askatasun, elkartasun, berdintasun, alaitasun, zenbat tasun, eta osin eta asun, osina ez saldu, asuna ez uki, maitasuna ere ezin da eduki, baina bai eman, eta zenbat eta gehiago eman gehiago zuregan», irakurri zuen Maialen Lujanbiok berak idatzitako “Maitasunaren manifestua”. Gero, Landarbaso abesbatzak bete zuen oholtza: 40 haur eta gaztetxok. Ikusleak margo gorriz irria margotzera gonbidatu zituzten aurkezleek, eta Zurriolako antzerki eskolako haurrekin eta dantzariekin batera “Irri egiten duenari” kantatu zuten Ines Osinagak, Xabi Solanok eta Lide Hernandok.
BIZIPOZA AUZOLAN
Eugeni Altzibar youtuberrak bere testigantza eman zuen. Garun paralisia du eta mezu indartsua utzi zuen.
Verdini dantza taldearen emanaldiaren ondotik, “Bizipoza auzolan” abestia interpretatu zuten Igor Elortza egileak, Olatz Salvadorrek eta Oreka TXk. Agertokian izan ziren Xabi Madina eta Sandra Fernandez gurpil-aulkidun dantzariak, Eskuaireko interpreteak zeinu hizkuntzan eta dantzari garaikideak, “Elkarrekin hobeto” adieraziz.
Ondotik, gaur egungo euskal eszenako sortzaileen gurasoek honako galderari erantzun zioten: «Nolakoa izan zen seme-alabak pailazoak ikustera eraman zenituzten lehen aldia?».
Sortzaile horiek berek euskarari buruzko kontakizun partekatua egin zuten. «Euskarak behar du lokatza eta behar du lurra. Ez ditu behar debekuak, dekretuak. Behar ditu hiztunak, hitzak, hotsak, pozak eta ez hainbeste lotsak».
“Eskuetan” abestia gozatu zuten bitartean, kalejira erraldoiak sortu ziren pistan.
AMONA MARIA LUISA
Oinkari eta Martxel Rodriguez dantzariek, La Pulga flamenko dantzariak, Oreka TXk eta David Escudero gitarristak ezpata dantza interpretatu zuten, baina loreekin. Une batean dena isildu eta gelditu zen. Eta Jon Maiaren seguidilla hasi zen: «Gogoratzen dut abuela, hemen balego bezala, bere potaje kazuela, abanikoa logela, neregana zetorrela... hemen hainbeste lagun, orain gara euskaldun, ze zortea daukagun!».
Maiak berak eta Kai Nakaik kantatu zuten “Amona Maria Luisa” kantua, aipatutako dantzari eta musikariekin eta baita Semblante Andaluz taldearekin ere. Ederra izan zen oholtzan ez ezik, artistak pistan jende artean sentitzea.
ANE PIRATA
Elena Ginea Iñurri Taldeko kideak, Julio Sotok eta Aspanogi taldeak beren testigantza eman zuten. Bitartean, 20 dantzari sartu ziren pistan hankapaluetan, publiko artean, puxika zuri erraldoiekin.
Aspanogikoak Ane Pirata ekarri zuen gogora: «Berak erakutsi zigun zein garrantzitsua den bizitzako gauza txikiez gozatzea. Amaiera batek bere baitan daramala maiz hasiera bat. Eta lasaitasunetik, maitasunetik begiratu behar zaiola beti. Ane Pirata diogu, baina esan genezake Oier, Arantxa, Leire eta Aitziber...».
Julio Sotok «Heriotzari nola hitz egin ikasi dugu zuekin», eskertu zien pailazoei.
Aurkezleek ariketa polita proposatu zuten: banatutako postalean sentimenduak idaztea eta aldamenekoarekin trukatzea. Ondoren, paperezko itsasontzia egin zuten postalarekin, eta Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak “Ane Pirata” abestia eskaini zuten.
“Goazen!”-eko kideek “Nork agindu du” kantarekin gozarazi ziguten eta Juantxo Arakamak eta Albina Stardustek, “Maitasunaren ostadarra”-rekin. Bitartean, 18 drag queen eta Yogurina Borova sartu ziren pistara.
Iker Galartza aurkezle, Gure Zirkuko eta Zirko Txosko-ko kideek mazoak, monozikloak, kontortsionistak eta bertze ekarri zituzten, eta 14 pailazo gaztek etorkizuna badela erakutsi zuten.
MUNDUKO LOREAK
Ekitaldiaren unerik hunkigarrienetakoa Sol Bandeko abeslari gazatarrak oholtzara goititzean izan zen. Hitza jarri zieten giza eskubideen urraketei, “Gure haurrak txoriak dira zeruan” kantuarekin. Bere seme-alabak galdu dituen gurasoez dihardu Rafah-ko kanpamenduetan, hondamenaren erdian, sortutako abesti hau. Beren etorkizuna ikusteko ametsa zuten aita-ama horiek.
Musikariak genozidioak harrapatu zituen. Zazpi hilabetez gorriak ikusi zituzten, batetik bestera desplazaturik, une oro bonben azpian bizitzen. Euskal Herrira etorri dira eta “Palestina askatu!” oihu eta txalo sentituekin hartu genituen.
Palestinarrek ondoan izan zituzten Amets Arzallus, Itziar Ituño, Ramon Agirre, Sambou Diaby eta Landarbaso abesbatza. Eskubideen aldeko eta kontrako manifestua irakurri zuten. Agirre hasi zen: «Ez ote gaituzte eskubidez zamatzen, azkenean eskubideen azpian leher egin dezagun, palestinar gaixoek bezala? Eskubideak jaio ere anomalia baten sintoma bezala jaio ziren, eta gehienetan ezintasunaren kronifikatzeko berme izanez bukatu dute. Ez badute inperatibo praktikorik, zertarako balio dute? Galdetu palestinar gaixoei ea eskubideek zertarako eskubidea ematen dieten».
«Baina eskubideak izan daitezke ortzi-muga berri bat; adibidez, munduan zehar libre ibiltzea. Europak Afrikara joateko eskubidea badu, zergatik ez du Afrikak Europara etortzeko eskubiderik?», galdetu zuen Diabyk.
«Eta nornahik du eskubidea euskaraz pentsatzen duena esateko, baita pentsatzen duen hori gorria eta morea denean ere, badugu eskubidea presoez hitz egiteko, feminista erradikalak izateko, pailazoz jantzi eta ‘maite zaitut’ esateko», aldarrikatu zuen Ituñok.
«Eskubideak eskatu ez, praktikatu egin behar dira. Egin, bizi eta izan, nahiz eta eskubiderik ez izan», amaitu zuen Arzallusek. Zoragarriak izan ziren jendearen oihu eta txaloak. Emozioak pil-pilean, laurek elkarrekin “Munduko loreak” interpretatu zuten.
MUSUA
Erraldoiekin eta Oinkarirekin “Epoitaitaye” dantzatu, eta iritsi zen esperotako unea: Bonberenea txarangaren gibeletik, ordura arte publikoan egondako pailazo omenduak pistara sartu ziren, musuak jasoz, «begiak tximista».
Agurra dantzatu zieten, “Zuretzat” kantuaren doinuarekin, eta Ane Labakak esker onaren manifestua irakurri zuen. «Eskerrik asko, ‘maite zaitut’ esaten irakatsi zenigutelako. Eskerrik asko, birikengatik. Urrats bat aurrerago joateagatik. Eskerrik asko, telefono dei bat jaso duzuen aldiro ‘bai, kontatu gurekin’ esateagatik. Ezpainengatik, hurbiltasunagatik. Egurra, boikota jaso ondoren eskertza merezi zenutelako. Eskerrik asko, beso eskuzabalengatik, ikusten denaz harago ikusten ez denagatik. Panpoxa furgonetak ospitaleko atea zein beilatokia koloreztatu dituen egun bakoitzagatik».
«Eskerrik asko, taupadengatik. Zuek eman diozue bihotz forma Euskal Herriari».
Pailazoek, hunkituta, olatuak sorrarazi zituzten Bizkaia Arenan, eta bihotzetik bihotzera eskertu zuten herri omenaldi eder hau, taldekide guztiekin batera.

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria

«El algoritmo se ha erigido en una arma de guerra»

A Xabi Alonso y al Real Madrid se les rompió el amor de tanto usarlo
