Robotarena
Jabierrek aipatu dit geroz eta gehiago sumatzen duela adimen artifizialarekin idatzitakoa. Laneko txostenetan aurkitzen duela geroz eta gehiago, lerroak luzeagoak direlako, astunagoak, eta baita marraztutako planoak ere, ez direla pantailan haiek alde batera eta bestera mugitzen orduak pasatakoak bezala, ez dutela, noski, eskuz landutakoen perfekzio inperfektua. Arkitektoa da, eta planoekin bueltaka askotan ikusten dut ordenagailu aitzinean; gutxiago eskuekin marrazten. Eskuena artisauei utziko diegun eremua dela uste dut hemendik goiti. Jabierren bizitza ere hor utziko dut, «ustezko fikzio horren aitzakian benetako istorioak kontatzen direlako, eta, irakurleak horien berri ez badu, fikzio bezala irakurtzen ditu, baina zuri eragiten badizute, kasik eraso bezala har ditzakezu. Idazlea libre da nahi duena idazteko, baina identifikatuta sentitu denak, ez istorioarekin enpatizatu duelako, baizik eta benetan berari buruz ari delako, eskubidea du minduta sentitzeko» idatzi baitu Maiderrek gure Whatsapp taldean, literaturan fikzio eta errealitatearen eztabaida ireki dugulako, asmatuari geroz eta espazio gutiago gelditzen zaiola iritzita. Camilo Jose Cela ekarri digu Garbiñek: «ez gizon hau nik maite dudalako, e! Badauka esaera bat eztabaida honetara bikain datorrena: ‘Más vale un país de escandalizadores que de escandalizados’. Eta ni (deserosoki baina) ados nago. Pakiagatik isildu garen guztietan horrek gero bide txar bat egin duelako eta noizbait zorne zikin bat lehertu nonbait». Ni ere egiazkoekin nabil haiena kontatzen. Barkatuko didate. Gizakiak baino fikzio eder eta zehatzagoa sortuko baitu robot batek; errealitatea, aldiz, nekez.

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

«Están naciendo niños cuyo abuelo está en la cárcel, esto no es normal»

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify

Xabi Iraola proposatu dute Sorturen koordinatzaile orokor izateko
