Beorleguiren atzerabegirakoa Durangoko Museoan
Fernando Beorleguiren erakusketak ateak ireki ditu Durangoko Arte eta Historia Museoan. 1976tik 1996ra bitarteko lanen hautaketak euskal plastika garaikidean eragin handiena duen artistetako bat omentzen du. Ekainaren 1era arte egongo da ikusgai.

“Solstizio Solar” erakusketa esanguratsua aurkeztu zenetik 24 urte igaro direnean, Fernando Beorleguiren obra Durangoko Arte eta Historia Museora itzuli da, eta oraingoan, bilduma pribatuetatik jasotako 30 bat piezaz osatutako erakusketa zabala aurkeztu da, horien jabeei esker.
Erakusketa honek 1976tik 1996ra arteko ibilbide artistikoaren ikuspegi kronologikoa eskaintzen du; artista honen garapenean funtsezko aldia izan zen hori.
Bi hamarkada horietan, Beorleguik teknika eta materialekin esperimentatu zuen, eta pintura pertsonalago eta helduago bat garatu zuen, gizartearen miseria, indarkeria eta abandonuaren aurkako kritika sozial argiarekin.
«Tenple-pinturaren bidez egindako esplorazioa, egurrez, sare metalikoz eta hondakin-materialez egindako eskulturak, eta grabatuaren munduan murgiltzea izan ziren bere adierazpen plastiko konprometitu eta bereziaren ezaugarriak», adierazi dute museoko arduradunek.
BI ZATI
Erakusketak bi atal nagusi ditu. Lehenengoak formatu ertain eta txikiko oihalak biltzen ditu; garaiko eragin artistikoak islatzen dituzte eta Beorleguik bere estilo pertsonalarekin eragin horiek berrinterpretatzeko izan zuen gaitasuna erakusten dute.
Bigarren atala, berriz, bere grabatu-lan oparoari eskainia dago. «Bertan nabarmentzen dira hainbat serie esanguratsu: ‘Tauromágias’, ‘Fiesta’, ‘Jerarcas’, ‘Gigantes’ eta ‘Fábula’. Pieza horien bidez ikusleek artista honen sormen prozesua ezagutu eta teknika tradizionalekin, besteak beste, xilografia, kalkografia, burila eta akuafortearekin izan zuen harremana ulertzeko aukera dute», baieztatu dute.
Erakusketak Beorleguiren unibertsoa lehen eskutik ezagutzeko, haren bilakaera artistikoa ulertzeko eta haren ondareaz gogoeta egiteko aukera ematen du. Halaber, Durangoko Arte eta Historia Museoaren papera azpimarratu du euskal ondare artistikoaren zaintzan eta zabalkundean, eta Beorleguiren figura arte garaikideko historian ezinbesteko gisa berresten du.
«Durangorentzat harro egoteko modukoa da Fernando Beorleguiren lana berriro hartzea, haren ibilbideak arrasto sakona utzi baitu euskal arte garaikidean», adierazi zuen Paule Sanchez Kultura zinegotziak aurkezpenean.
BEGIRADA KRITIKO ETA KONPROMETITUA
«Erakusketa honek, bere sormen unibertsoa berraurkitzeaz gain, herritarrak begirada kritiko eta konprometitu batera hurbiltzeko aukera ematen du, eta horrek egun indarrean jarraitzen du. Udalak gure historia kulturalean eragin duten artisten talentuari balioa ematearen alde egiten jarraitzen du, eta Arte eta Historia Museoa espazio bizia eta guztiontzat irisgarria izatearen alde», jarraitu zuen.
Beorleguiren lanez osatutako erakusketa ekainaren 1era arte egongo da zabalik. Museoak Durangoko eta inguruko herritar guztiak gonbidatu ditu «esperientzia kultural esanguratsu eta irisgarri» honetaz gozatzera.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
