GARA

BURRUNTZI ERAKO TXAHALA, IRUÑEAN

Bigarren urtez jarraian, Iruñeko Arrano Beltza elkarteak burruntzian erretako txahala eskainiko du. Maiatzaren 31n izango da.

Agerraldiaren irudi bat.
Agerraldiaren irudi bat. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Alde Zaharreko Bizilagunen Egunarekin bat eginez, datorren maiatzaren 31n Arrano Elkarteak txahala burruntzian erreko du. EHNE-Nafarroa eta Txahalaren Adierazpen Geografiko Babestuarekin batera antolatutako ekitaldia Zumalakarregi Atariaren ondoan izanen da, aurreko urtean egin zen bezala. Helburuak, 1.200 pintxo banatzeaz gain, «landa eremuan egiten den lana hirira eramatea eta hango ikuspuntua partekatzea» izango dira, azaldu zuen Patxiku Irisarri EHNE-Nafarroako idazkari nagusiak atzo Arrano Elkartean eginiko prentsaurrekoan. Puxka horiekin batera, L’Atelier eta Egi Ogi lantegi txikietako ogia banatuko dute, eta upeltegiko ardo ekologikoa. Txartelak Herriko Tabernan jaso ahal izango dira hilaren 15etik 31ra arte. Gainera, Arranok beste txartel batzuk banatuko dizkie auzoko peñei, baita jantoki sozialeko erabiltzaileei ere. Bezperan, hilaren 30ean, 19.30ean, Iruñeko Udaleko erabilera anitzeko aretoan, Mercosurreko itunari buruzko hitzaldi bat antolatu dute. Buenos Airesko Burtsako kudeatzaile ohi eta Canal Rural Satelitaleko egungo kudeatzaile Carlos Etxeparek parte hartuko du bertan.