GARA
WASHINGTON

«Habeas corpus»-a, AEBn migranteen aurkako gerraren biktima berria

Amerikako Estatu Batuek migranteen aurka abiatutako ehizan enbarazu egiten du habeas corpusak. Zunda-globoa baino ez da oraindik, baina Donald Trumpen aholkulari Stephen Millerrek atzo esan zuenaren arabera, «modu aktiboan» ari dira baloratzen atxiloketa arbitrarioen aurkako printzipio juridiko hau bertan behera uztea.

Millerren arabera, dena auzitegien esku dago. Alegia, Etxe Zuriak ez luke zalantzarik izango, baina badaki erabakia epaileen esku geratuko dela, ez baita hain erraza printzipio konstituzional bat ezabatzea. Epaileak izan dira, gainera, migranteen aurkako kanpaina trumpistari galga jarri diotenak, hainbat deportazio bertan behera utziz. Horregatik, Millerrek berak «aktibistatzat» jo ditu epaile federal asko, eta «estatu kolpe judizial» bat ematea leporatu die.

INBASIOAREN ASMAKIZUNA

Epaileak baino, legea da Millerren arazoa. Habeas corpusa lau aldiz bakarrik geratu da baliorik gabe AEBn, beti gerra garaian. Orain, Trumpen administrazioak antzeko giroa sortu nahi du, Konstituzioak atxilotua babesten duen tresna bertan behera uztea ahalbidetzen duelako «inbasio garaian».

Ongi lotzen da argudioa trumpismoaren diskurtsoarekin; izan ere, migranteen kontrako ehiza marko horrek ekarri du. Mexikoko muga militarizatu eta atzerritar asko Salvadorreko kartzela erraldoira bidaltzeko aitzakia izan da migranteak AEB inbaditzen ari direla asmatzea. Ez dute horrela uste epaile askok.