Mikel ARAMENDI
Kazetaria
JOPUNTUA

Keynesianismo militarra bere labirintoan

Gerra-harrabotsak, aldi baterako bederen (quousque tandem?), otzandu direla ematen du Asia hegoaldean. Balantzeak egin eta kontuak ateratzeko astialdia izango dugu, antza, Indiak eta Pakistanek lau egunez izan duten gatazka armatu (gerra deitzea gehiegitxo izango da) horren biharamuneko hau. Eta ez dira gutxi, dagoeneko, tenore horretako gogoeta politikoak, diplomatikoak, ekonomikoak, geoestrategikoak...

Agian, egin ziur egingo direnak baina boz goraz nekez adieraziko zaizkigunak militarrak izango dira. Berezkoa dute isil-mandatua. Baina hasi dira, dir-dir, halako batzuk ere. Bakoitzaren «errelatoa» apain utz dezaketenak, batik bat.

Maiatzaren 7tik 8rako gauean, Vatikanoko tximiniatik lehen ke beltza ateratzen ari zen une bertsuan, handik 5.500 kilometrora, goizaldeko ordu txikietan jada han, zeruetako ilunpean zehazki zer gertatu zen jakin behar da ur sakonagoetan murgiltzeko. II. Mundu Gerraz geroztiko hegazkin-borrokarik handiena, batzuk esaten ari diren bezala? Non, nola, zenbat izan ziren? Nolakoak? Zein da borroka horren egiazko balantzea?

Datu zehatzak hutsaren hurrengoak direnez, aieru kabalistikoak dira nagusi, noski. Baina bada ke hutsa ez den zerbait: biharamunean, Chengdu Aircraft Corporation txinatarraren akzioek burtsan jo zuten gorakada ikusgarria. Hark bakarka egiten duen J-10 hegazkina, eta PAC pakistandarrarekin lantzen duen JF-17a zirela garaileak “erosten” zutenak asko ziren nonbait. Galtzaileak zein? Zergatik? «Merkatua duk/n, aixkiria», esango zukeen alprojak.

Gure ingurumarian benetako epifania bizitzen ari diren keynesianismo militarraren zaleek gogoeta apur bat egiteko aprobetxatu behar lukete abagunea. Teknologian eta kapitalean (ez, ordea, laneskuan) intentsiboa dugun armagintza garaikideak, «lehiaren proba» gainditu behar baitu, ezer balio izatekotan. Hau da, merkaturik aurkitu nahi badu.

Eskola zaharrekook, «gerra» deitu ohi diogu «proba» horri. Edo sutan jarriko ez diren eltzeak egin nahi dituzte?