Arnaitz GORRITI
BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Eskarmentua, haize freskoaren kontra

Artola finalerdietan aurrez aritu izana «kalterako izan ez arren», Larrazabalen erasokortasuna presio ororen gainetik dagoela adierazi zuen Ogetako pilota aukeraketan. «Artola da faboritoa, baina nik ere lan ona egin dezaket», iritzi zion Larrazabalek.

Larrazabal eta Artola, iganderako prest.
Larrazabal eta Artola, iganderako prest. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jokin Altunaren eta Unai Lasoren arteko lehiak pilotaren «klasiko» bihurtu badira, ezin da gauza bera esan Iker Larrazabalen eta Iñaki Artolaren arteko finalerdiari begira. Larrazabalek iaz B Serieko Buruz Burukoa eraman zuen eta, suziria bailitzan, Buruz Buruko Txapelketa Nagusiko finalerdira ere iritsi da, bidean Ezkurdia, Altuna edo Dario bezalako pilotarien aurrean garaipena lortu ostean, nahiz eta garrantzirik gabeko neurketa bat Zabalaren aurka galdu.

Artolak, berriz, 2021eko Buruz Buruko finalerako txartela lortu zuen, baina lesio batek finaletik atera zuen. Dena den, igandeko partidara begira, Larrazabalek ekarri duen haize freskoaren aldean eskarmentua berarekin du aurrelari gipuzkoarrak.

Iganderako materiala aukeratu zuten atzo pilotari biek, eta ez zen arazorik izan. Larrazabalek adierazi zuenez, «nire pilotak zerbait biziagoak dira bereak baino, baina uste dut partidan zehar lau pilotak aterako ditugula». Are gehiago, Amurrioko aurrelariaren ustez, «pilotaleku honetarako material aproposa» apartatu zuten protagonista biek.

Hasteko eta bat, Zabalaren aurka eskuineko eskua minduta amaitu zuen Amurriokoak. Zorionez, «eskuetatik eta buruz nahiko ondo» dagoela azaldu zuen, inolako aitzakiarik gabe, bihar azken entrenamendua egitearen faltan.

ILUSIOAK ETA AMETSAK

Materiala aukeratutakoan, Larrazabalek pilotalekua txikitatik ezagutzea eta honaino iritsi izanak sorturiko ilusioak eskarmentu faltak baino pisu handiagoa izango ote duen itxaropena azaldu zuen.

«Orain arte inoiz jokatu dudan partidarik garrantzitsuena jokatuko dut igandean. Badakit urduri izango naizela. Artola da faboritoa, baina nik ere lan ona egin dezaket», adierazi zuen arabarrak. «Iñaki fisikoki ikaragarria da eta, pilotari lasai jotzen duenean, asko luzatzen du. Nahitaez bera kantxan mugitzera behartzen saiatu behar dut», esan zuen.

Aurkariaren ilusio horri nola aurre egin aztertzea egokitu zitzaion Artolari. «Eskarmentua izatea ez da txarra. Baina, Ikerrek bidean nik baino izen askoz handiagoa duten aurkariei irabazi diela ikusita, badakit niri irabazterik ere baduela, eta horretaz arduratu beharra daukat», zehaztu zuen.