Euriak Kaden Grovesen etapa garaipena ez beste guztia zapuztu du Napolin
Euriaren eta zoru txarraren erruz Giroko seigarren etapa neutralizatu zen, helmugatik 73 kilometrora erorikoa izan ostean. Bost txirrindularik lasterketa utzi behar izan zuten, tartean Jai Hindley, 2022ko Giroko garailea. Etapa garaipena soilik jokatu zen.

Giroko seigarren etapa euriak zapuztu zuen, eta, euriaren eta txirrindulariek bidean tarteka aurkitu zuten zoru petralaren erruz, helmugarako 73 kilometroren faltan izan zen eroriko malapartatuak. Makina bat txirrindulari, tartean Mads Pedersen liderra, Adam Yates edo Daniel Felipe Martinez, hankaz gora joan ziren, baina horiek tropelean jarraitu ahal izan zuten. Ez, ordea, eroriko horretan nahastu ziren bost txirrindularik; tartean 2022ko Giroa eraman zuen Jai Hindley, Bora taldeko Primoz Roglicen taldekidea.
Lasterketa gelditu egin behar izan zuen antolakuntzak, Primoz Roglic berak ez zuelako Napolira bidean -Potenzatik abiatuta 227 kilometro, aurtengo Giroko etaparik luzeena- falta ziren kilometroak egiterik nahi. Azkenean, hala ere, Giroak erabaki salomonikoa hartu zuen: etapa garaipena jokoan jarri zen, baina sailkapen nagusirako eta bestelako sailkapenetarako ez zen ez denborarik ezta punturik ere aintzat hartu.
Horrenbestez, Giroko sailkapen nagusia lehiatu behar duten txirrindulariek arrisku ahalik gutxiena hartzea erabaki zuten, eta etapa garaipenaren bila abiada bizian joan ziren tropeleko kideei hanka egiten laga zieten. Izango dituzte aurrerantzean arriskatzeko motibo egokiagoak, eta baita tarte nahikoa ere.
Nolanahi dela, tropel txiki horrek lana gogotik egin behar izan zuen, inor ere ez baitago txirrindularitza profesionalean garaipenik opari emateko. Hiru kilometroren faltan irentsi zituen tropel murriztu horrek ia etapa osoa ihesean eman zuten bi txirrindulariak: Enzo Paleni (Groupama) eta Taco Van der Hoorn (Intermarche). Esprint garbia behar zuena, ordea, Wout Van Aerten eraso batek zapuztu zuen goitik behera, baina Visma taldeko txirrindulari flandriarrak ez zuen bere helbururik bete -denboraldi honetan ez du oraindik garaipenik batu-, eta azkenean Alpecin taldeko Kaden Groves australiarra nagusitu zen argi eta nabarmen -«hanka bakarrarekin», txirrindularitzaren esakune batek dioen moduan-. 26 urteko txirrindulari biziak bere palmareseko bigarren garaipena erdietsi zuen atzo Giroan, aurrez Vueltan zazpi garaipen pilatu ostean.
MENDIKO ATEAN
Giroak mendiarekin gaur bertan topo egingo du lehenengoz: 168 kilometro Castel di Sangro eta Tagliacozzo (Marsia) artean, eta hiru mendate, motzak bezain pikoak igo beharko dituzte, azkena helmugara bidean. Hor azaldu beharko da Giroa irabazi nahi duten horien gaitasuna, baina aurrez Potenzatik Napolirainoko «maratoia» burutu behar izan zuten atzo txirrindulariek.
Jardunaldi luzea bazuten aurretik, eta tartean pare bat mendate ere igo behar izan zituzten, baina sailkapen nagusiari begira ez zukeen inolako garrantzirik behar. Maiatzean euria ere egiten badaki, baita Italiako hegoaldean ere, eta hantxe nahasi zen Giroko seigarren etapa.
Ez euriarengatik bakarrik, ez baitzen halako erauntsirik inoiz ere erori. Alabaina, tarteka Napoli inguruko errepideak oso labainkor daudela ikusi zen, baita tarteka harrotu samar ere. Horren ondorioz izan zen tropeleko eroriko handi hori, eta horrek beldurtu eta haserretu zituen txirrindulariak, bereziki sailkapen nagusian zeresanik dutenak.
Lasterketa neutralizatzea erabaki zuen orduan Giroko antolakuntzak, etapa zein baldintzatan jarraitu argi geratu arte. Esan bezala, Primoz Roglicek ez omen zuen arriskurik hartzeko gogorik, eta sailkapen nagusiari begira lasterketa bere horretan uztea erabaki zuten antolatzaileek.
Giroak, izan ere, badu sailkapen nagusia iraultzeko egun nahikoa. Hasteko, gaur bertan, Castel di Sangro eta Tagliacozzo (Marsia) arteko 168 kilometroetan.

Alzórriz ve a Cerdán indefendible en la intervención más difícil de su vida

Misiles alcanzan Tel Aviv tras el ataque israelí a la cúpula militar iraní

«La muerte de Fatma y su familia fue claramente un asesinato selectivo»

Kolpez kolpe, gora herria! Geurea da garaipena!
