F.THOMMEN-M.UBIRIA
KANBO

Ostiako kideei ezarritako zigor ekonomikoa emendatu egin du Paueko auzitegiak

Angeluko higiezin agentzia batean andeatzeak egitea egotzirik, Baionan jadaneko kondenatu zituzten lurren defentsarako Ostia sareko lau militanteei ezarritako zigor ekonomikoa emendatu du Paueko Auzitegiak.

Maiatzaren 17an, larunbatarekin, landatze eguna antolatu dute Mariniako lurretan.
Maiatzaren 17an, larunbatarekin, landatze eguna antolatu dute Mariniako lurretan. (Patxi BELTZAIZ)

Paueko Auzitegi Administratiboak atzo plazaratu zuen bere deliberoa, Kanboko Marieniako lurretan higiezinen egitasmoa garatu nahi duen Bouygues taldeak aurkezturiko helegiteari buruz.

Halatan, Baionan zigortu zituzten lurren defentsarako Ostia sareko lau militanteei emandako zigor ekonomikoa emendatu zuen, baina Bouygues taldeak kalte ordain gisara eginiko eskaera «neurrigabea» aintzat hartu gabe. Orotara, kalte ordain gisa, 8.742 euro ordaintzera zigortuak izan dira lau auzipetuak, Janine Beirie, Jakes Bortairu, Filipe Laskarai eta Dominika Daguerre.

Andeatze delituagatik, Baionako auzitegiak lau militanteei 500 euroko isun bana ezarri zien, gibelapenarekin, iazko maiatzaren 14an ezagutu zen epaiaren bidez. Era berean, kalte ordain gisa, laurak elkarrekin Bouygues taldeko agentziari 5.954,40 euro ordaintzera kondenatuak izan ziren.

Kanboko Herriko Etxearen onespenarekin, Marieniako lurrak baliatuz 94 etxebizitza eraiki nahi dituen Bouygues promotoreak 24.732 euroko diru konpentsazioa galdetu zuen lehenengo auzi horretan, Marieniako higiezin egitasmoa irudikatzeko Angeluko agentzian ikusgai zen maketaren gainean lurra eta lastoa bota zituzten ekintzaileek. Baionako jujeen erabakia ezagutu eta berehala, ekintzaileei emandako zigorra emendatzeko xedez, helegitea aurkeztu zuen Bouygues taldeak. Galdera hori aztertzeko audientzia izan zen iragan martxoaren 13an, Paueko Dei Auzitegian. Audientzian bere zigor eskaera bikoiztu zuen promotoreak, 44.000 euro eskatuz.

HERRI LANDAKETA

Atzo plazaraturiko ebazpenaren arabera, kalte ordain gisara, 8.700 euro ordaintzera zigortu dituzte lau ekintzaileak. Diru kopuru horri gehitu behar zaio auziari loturiko kostua: 2.000 euro inguru.

Ebazpenaren berri izan ondotik, Alain Larrea abokatuak nabarmendu zuen auzitegiak Bouygues taldeak egindako eskaera «neurrigabea» baztertu duela.

Kontuak horrela, Kanboko sarreran kokatua den lur saila lekuko eta kalitatezko mozkinen ekoizteko aproposa dela nabarmendu nahian, lehen landatze eguna antolatu dute Lurzaindia elkarteak ELB sindikatuak eta Ostia sareak, larunbat honetan, Marienian. Gisa berean, ingurumena errespetatuz eta kontsumitzaileekin harremanetan ezarriz, Marienia hazlur gisara garatzeko engaiamendua berretsiko dute ekintza horren bidez.

Egitarauari dagokionez, goizeko 11.00etan Kanboko eta Itsasuko herriko etxeetatik Marienian bururatuko diren ibilaldiak abiatuko dira.

Makilen zina 12.00etan iraganen da, eta oren bietatik goiti eginen da landaketa herrikoia.