Jesus Eguiguren: «PSOE garai hartan gaur baino demokratikoagoa zen»
Jesus Eguigurenek argitaratu berri duen “Memorias de un niño de caserío” liburua aurkeztu zuen atzo NAIZ Irratiko uhinetan. Politikari ohiak bere gaztaroari so egin dio liburuan, eta «frankismotik gaurdaino» bizi izan duena azaldu du.

Jesus Eguiguren PSEko agintari ohiak bere gaztaroari errepasoa egin dio “Memorias de un niño de caserío” liburuan. NAIZ irratian egon zen atzo, liburuan jorratu dituen gaiak hizpide zituela. Liburua idazteko beharra azaldu zuen lehenik eta behin elkarrizketan: «Oroitzapen txarrak neuzkan gaztaroaz, baina liburua idaztean konturatu naiz garai hain txarra ez zela izan».
Baserriko egunerokoa azaldu du liburuan, eta familian hamar kide izanik, «baserriari esker aurrera atera» zirela azaldu zuen. Baserriko lanak ez zituela gustuko ere aitortu zuen.
Eskolan bizitakoak ere kontatu ditu liburuan, eta atzo azaldu zuenez, «gazteleraz jakin ez arren, ez ginen besteak baino tontoagoak atera». «Eskolako zaharrak ziren gure maisuak, erakusten zigutenak», aipatu zuen horri lotuta. Kontatu zuen beren aitaren «obsesioa» semeei «ofizioa bilatzea» izan zela, Urolako edozein fabriketan, baserria oso gogorra zela iritzita. Egigurenek, ordea, ez zuen bide hori hartu. Baserriko lanak ere ez zitzaizkion gehiegi gustatzen, eta beste bide bat hartu zuen etxeko gazteenak.
Gaztaroan Azpeitiko institutura joan zen, eta aldaketa handia izan zela adierazi zuen: «Guretzat Azpeitira joatea gaur New Yorkera joatea bezalakoa izan zen». Eta Azpeititik, Donostiako Zuzenbideko Fakultatera bidaia egin zuen, eta ikasten zegoelarik, egin zituen bidaia batzuen ondotik, «segidan» sartu zen politikan.
POLITIKA ETA AIZARNA
Politikagintzan ibili zen garaian baserriarekin, eta Aizarnarekin oro har, zuen harremana galdu zuela esan zuen Eguigurenek: «Eskoltak ere ez zuen baserria bisitatu nahi». Orain harremana berreskuratu duela aitortu zuen: «Aizarnako pertsona bilakatu naiz berriz ere».
Liburuan idatzi du Alderdi Komunistaren eta PSOEren arteko aldeak izugarriak zirela, eta hori berretsi zuen irratian ere: «Alderdi Komunistan urtebete egon nintzen, alderdiaren ikuspegia ezagutzeko denbora nahikoa».
Ondoren, PSOE izan zuen alderdia: «Garai hartan alderdia gaur baino demokratikoagoa zen», esan zuen. Izan ere, «garai hartan gai guztiak eztabaidatzen ziren», erantsi zuen. Alderdi Sozialistan «kaudillismo» mota bat sortzen dela salatu zuen.
«Hauteskunde primarioak demokratikoak dira, ni ez nago horren kontra, baina behin presidentea aukeratua denean, debate guztia bukatzen da», gaitzetsi zuen. Hala ere, orain bide hori moldatzeko dagoela uste du, eta funtzionamendurako mekanismoen bila dabilela alderdia oraindik: «Demokrazia zuzena sartu da, baina demokrazia errepresentatiboa, beharbada, pixka bat galdu da».
ORAINA ETA ABERTZALETASUNA
Garai berriek «aldaketa nabarmenak» ekarri dituztela azaldu zuen: «Gaur egun medioek izugarrizko eragina dute alderdian. Lehen alderdia zen informazioa jasotzeko bidea».
Liburuan abertzale sentitzen dela aitortu bazuen ere, «nazionalismoa ez dut inoiz ulertu», nabarmendu zuen. Azaldu du bi joera izan ohi dituela gizakiak: «Uste dut gizonak bi tendentzia izaten dituela: bat bere lurrari lotutakoa, eta bestea munduari begiratzen diona. Niri beti gehiago gustatu izan zait bazter denetan gertatzen denari begiratzea, horri binkulatuta sentitzen naiz. Uste dut nazionalismoari iruditzen zaiola bere lurra munduko onena dela, eta nik ez dut hori inoiz pentsatu».
Aitortu zuen Gobernu espainolera joatea ez duela inoiz helburu izan: «Nire afan guztia hemengo arazo politikoetan lan egitea izan da».
Gaztaroa izan du mintzagai liburu honetan, eta memoria politikoak argitaratzeko asmoa ere baduela onartu zuen; are gehiago, idatzirik daudela aitortu zuen.

«Prozesuan atzeraezin bihurtu dugun urrats bakoitzak herri egin gaitu»

Estreno triunfal de la selección vasca que trasciende lo deportivo

HERRI LIBRE BAT IZATEKO NAHIAK HARTU DU BILBO

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»
