GARA
IRUÑEA

«Miñan»-en estreinaldira joateko baimena eman dio Londresek Balderi

Hasiera batean Britainia Handiko agintariek bisa ukatu bazioten ere, azkenerako atzera egin zuten bart eta Ibrahima Balde hilaren 20an Londresen izateko moduan izango da, bere migrazio prozesuaren memorietan oinarritutako antzezlanaren estreinaldian.

Amets Arzallus eta Ibrahima Balde, artxiboko argazki batean.
Amets Arzallus eta Ibrahima Balde, artxiboko argazki batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Britainia Handiko agintariek ia beste kapitulu bat idatzi zuten atzo Ibrahima Balderen istorio gogorrean; izan ere, bisa ukatu zioten Londresera joateko, bere istorioa taularatzen duen “Miñan”-en ingelesezko bertsioaren estreinaldira. Iluntzerako, baina, atzera egin zuten eta hilaren 20an han egoteko modua edukiko du.

Barne Arazoetako Ministerioak eman zion oniritzia Balderi. Azken erabakia hori “The Standard” egunkariak zabaldu zuen, “The Guardian”-ek aurretik publikoki salatutako bisaren ezezkoa berretsiz. Iturri horren arabera, Baldek lau eguneko bidaia egingo du estreinaldirako, eta ingelesezko bertsioaren egokitzapenaz arduratu den Timberlake Wertenbaker euskal jatorriko antzerkigilearekin hartuko du ostatu.

Gobernu britainiarraren iritzi aldaketan erabateko zerikusia izan zuen Jermyn Street antzokiaren -estreinaldia hartuko duena- zuzeneko esku-hartzeak. “The Standard”-i eginiko adierazpenetan, David Doyle antzokiaren arduraduna pozik zen gertakarien salaketa publikoaren ondoren bisa lortu duelako Baldek: «Badakigu Ibrahimak gehiegizko estresa eta arreta publikoa jasan behar izan dituela azken egunotan. Erresuma Batuak letren eta kulturaren alorrean lider izaten jarraitu nahi badu, nazio gisa, kontu handiagoa izan behar dugu honas bidaiatzen duten artistei alferrikako murrizketarik ez ezartzeko».

ATSEKABETUTA

“Miñan” lan ezagunaren protagonista eta egileak, beharbada, ez zuen esperoko Londresen bere historia dramatikoari gehitu beharreko diskriminazio berri bat biziko zuenik. Edo horretarako kinka larrian egongo zenik.

Britainia Handiko agintariek, beren hasierako ezetza justifikatzeko, argudiatu zuten Baldek ez zuela behar bezala frogatu bidaiaren baldintzak adierazi zituen modukoak zirenik, ezta bisita amaitutakoan Londres uzteko borondatea duenik ere.

Erabakian atzera egin zutela jakin aurretik, Baldek “The Guardian”-i bere «atsekabea»&flexSpace;agertu zion, bere «historia propioaren» antzezpenera joatea eragotzi nahi baitzion, «bidaia bera egin duten beste askoren» antzezpenera, alegia. «Ni bezalako pertsona batzuentzat mundua leku txiki bat da, eta ezin dut erabat ikusi».

Desagertutako anaia txikiaren bila abiatu zen Balde Gineatik, eta Saharako basamortua zeharkatu zuen. Ibilbide horretan jasan zituen egoera latzen lekukotza da liburua. Obrak sari ugari jaso ditu eta dozena bat hizkuntza baino gehiagotara itzuli dute.