Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Aho Prest, Belarri Bizi, han!

Nire buruko egutegia oker ez badago, gaur amaitu astea itun batekin abiatu zen, Eusko Alderdi Jaurlaritzako Sailak eta hezkuntzako sindikatu gehienek lortua. Gehienek; guztiek ez, baina. Araua berresten duen salbuespena den ala salbuespena berresten duen araua den, auskalo! Baina kolpea, gero, itunaren ostekoa! Sailburuak esanda, itunak dezente hobetu duela hezkuntza sistema! Hori dok/n! Irak/n! Baina ez al zen Sailaren hasierako proposamena ezin hobea? Zenbat marxista agintari artean! Ez, ez naiz Karlez ari, Grouchoz baino: hauek dira nire printzipioak, zure gustukoak ez badira baditut beste batzuk. Printzipio batzuk hasierakoak baino ez diren seinale! Eta Gazan Gazakoa.

Printzipioak aparte utzita,m finaletara noa. Aste honetan Katedralean (Bilbokoan, non baino?) ospatzekoa den futbol finalera. Munduaren akabera irudikatzeko aukera ematen duen finala. Pandemia berria, bilatua kasu honetan. Total, zubipeetan ere kutxazain automatikoak izango dira, gaua bertan emango dutenentzat ordainbide. Ez nau harritzen propaganda ofizialak hooliganei gogorarazteak eskura izateko euren card zeraren kodea, lurrean etzan baino lehen ordaindu beharko delako. Ez dut uste GARA egun horretan garestiago izango denik. Eta Gazan Gazakoa.

Joan egin zaigu politikaren berdegunera fronte zabalen estrategia ekarri zuen burkide uruguaitarra. «Bizi pentsatu modura, bestela bizi modura pentsatzen amaituko duzu...» bezalakoak utzi zituen euskal arbasoduna. Demokrazia da gaur dugun zikinkeriarik onena, han-hemen pentsamolde zurrunak hausteko modukoa. Eta Gazan Gazakoa. Hemen Aho Bizi eta Belarri Prest nonahi egunotan. Gazan, Aho Prest, bazterreko hondakinak aho-betegarri bakar, eta Belarri Bizi, jana bilatu bitartean 0 km-ra jausten diren bonba hotsak entzuteko...