NAIZ
DONOSTIA

EIPK-ko solaskideek deklarazio labur-laburra egin ondoren, ez dute haien aurkako kautelazko neurririk hartu

Iheslarien etxeratzea sustatu zuen ekitaldia, Miarritzen.
Iheslarien etxeratzea sustatu zuen ekitaldia, Miarritzen. (Gaizka IR0Z)

Auzitegi Nazional espainolak Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren (EIPK) inguruan deklaratzera deitu zituen sei pertsonek bideokonferentzia bidez bete zuten atzo tramite hori Donostiako epaitegietan. Agerraldia oso laburra izan zen, bina minutukoa gutxi gorabehera, eta epaileak ez zuen haien aurkako kautelazko neurririk hartu, GARAk egiaztatu duenez.

Kasu honen bilakaeraren berri jakiteko, sumarioaren sekretua kendu arte itxaron beharra dago; izan ere, haren edukia erabat ezezaguna da. Zitazioetan adierazitakoaren arabera, 2013ko gertakarietan oinarrituta ireki ziren eginbideak, hau da, EIPKren solaskide taldea sortuko zela iragarri zuten prentsaurrekoan; bertan etxerako bideari ekiteko asmoa iragarri zuten, prozesuaren aldeko ekarpen gisa. ETAren borroka armatua amaitu aurretik eta, beraz, 2011n gertatu zen ziklo politikoaren aldaketa baino lehen erakunde armatuari atzemandako dokumentuak ustezko «frogatzat» hartu dituzte, zenbait kasutan duela 25 urte baino lehenagokoak; 1999tik 2010era bitartekoak, hain zuzen ere.

ABOKATUEI BAINO EZ ZIETEN ERANTZUN

Jokin Aranalde, Oxel Azkarate, Xabier Miguel Ezkerra, Xabier Arin, Idoia Espias eta Lurdes Mendinueta deitu zituen Auzitegi Nazionalak. Jaso zuten zitazioaren arabera, solaskide talde horretako partaideak dira, Estatu espainolean bizi direnak. Atzo, seiek abokatuaren galderei baino ez zieten erantzun.

Orain kriminalizatzen saiatzen ari diren gertakariak EIPK-k Miarritzen erbesteratuen eta deportatuen etxerako bidea bultzatzeko erabakia iragarriz egin zuten apustuaren ondorio dira. Ordutik, erbesteratu eta deportatu gehienak itzuli ahal izan dira, baina Auzitegi Nazionalak beren egoera erregularizatu nahi zutenei jarritako oztopoak salatu izan dira kasu askotan. Miarritzeko ekitaldi hark ez zuen ondorio errepresiborik izan eta orain, hamabi urte geroago, eginbideok abiarazi dituzte.