Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Harreman oparo baten amaiera

Jordi Torresek eta Yerai Martinek agur esan diote Eibarri, emakumezkoen taldea bere historiako leku onenean utzita. Rocio Candal Kirol zuzendari berriari ez zaio lanik falta izango, kontratua amaitzen zaien jokalari gehienek ere alde egingo baitute.

Jordi Torres, Cesar Palacios eta Yerai Martin mintzatu ziren Ipuruako prentsa-aretoan.
Jordi Torres, Cesar Palacios eta Yerai Martin mintzatu ziren Ipuruako prentsa-aretoan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Harremana oparoa izan da eta agurra, lasaia. Etorkizuna, ordea, galdera-marka artean dator, Kirol zuzendariaren eta entrenatzailearen agurrari Eibar historiako toki onenera eraman duten futbolari gehienena gehitu behar baitzaio. Ez da txikia Rocio Candalek egin behar duen lana.

Baina emakumezkoen atalaren arduradun berria lehen lerroan jarri baino lehen, Jordi Torresek eta Yerai Martinek agur esateko agerraldia egin zuten atzo, Cesar Palacios Kirol zuzendariak lagunduta. Hirurek esandakoa bi esaeratan laburbil daiteke: «Eskerrik asko» eta «gero arte», agur baino hobeto.

Palaciosek «lana, ardura, ahalegina eta inplikazioa» eskertu zizkien eta atea zabalik utzi zien, Eibar biek jarrai zezaten saiatu dela aitortuz.

Baina zikloak amaitu egiten dira eta une egokiarekin asmatzea beti zaila den arren, Yerai Martinek alde egiteko ordua heldu zaiola uste du, Eibarren eman dituen hiru urteetan igoera lortu eta taldea Lehen mailan mantendu ondoren. «Une on asko egon dira, baina higadura ere nabaritzen dut. Pozik nago klubarekin, jokalariekin... ezin dut ezer txarrik esan, guztiz kontrakoa. Baina dagoeneko ez daukat hainbesteko energia taldeari transmititzeko eta horregatik uste dut niretzat eta Eibarrentzat hobe dela ez jarraitzea».

Oroitzapen on asko eramango ditu, igoeraren osteko harreratik hasita, baita futbol profesionalean izan duen lehen esperientziak eskaini dizkion irakaspenak ere. Nabarmenena, «egunerokotasunaz gozatzearen» garrantzia. «Partida irabazteko entrenatzen duzu, baina partida 90 minutu besterik ez dira. 80-20 bat da eta horregatik gozatu behar da egunerokotasunaz. Une txarretatik ikasi eta onez gozatu. Sekulako zortea izan dut goizero jaikitzen bainintzen Ipuruara etortzeko gogoz. Eta hori izan da ikasi dudan gauzarik politena. Askotan emaitzan bakarrik zentratzen zara eta egunerokotasuna baztertzen duzu, taldearekin pasatzen dituzun uneak...».

Ez daki non aplikatuko duen ikasitakoa aurrerantzean. Ez du ezer baztertzen, baina argi utzi du alde egiteko arrazoia ez dela beste eskaintza bat duela. Atseden txiki bat behintzat hartuko du, beraz.

Ez da Jordi Torresen kasua, beste nonbait arituko baita Ipuruatik irten bezain laster. Eibarren eman dituen sei urteetan pilatu duen eskarmentua baliatuko du bere hurrengo klubean. Hirugarren taldea entrenatzeko heldu zen 2019an eta igoera lortu zuen. Ondoren, harrobiaren ardura hartu zuen eta 2021/2022 denboraldian, emakumezkoen sekzio osoaren arduradun izendatu zuten. Jaitsiera batekin estreinatu zuen kargua, baina taldea berehala itzuli zen Lehen Mailara eta bi denboraldi geroago bertan jarraitzen du. «Beti duzu anbizioa, baina hasi ginenean imajinatu ere ezin genuen egin Eibar utziko dugun lekua», poztu zen. Horrela jarrai dezan, garrantzitsuena «honaino eguneroko lanak ekarri gaituela gogoratzea» izango dela uste du Torresek.

«Oso eskertuta» dago bere «lehen aukera profesionala» eman zion klubarekin. «Beti izango naiz armagina. Beti nahi izango dut onena klubarentzat», azpimarratu du.

BERTIGO

Torresek eta Martinek hartu duten erabakia guztiz ulergarria den arren, nolabaiteko bertigo sentsazioa uzten du gorri-urdinen familian. Batez ere, eurekin batera lehen taldeko futbolari asko, gehienak, ere badoazelako.

Izan ere, errazagoa da segituko dutenen zerrenda egitea: Altonaga, Carla, Laura Camino, Patri Ojeda, Carmen, Nati Cano, Mireia eta Peckova; zortzi besterik ez. Klubak atzo berretsi zuenez, utzita egon diren futbolariak beren taldeetara itzuliko dira; Athleticera Eider, Mariana eta Astralaga eta Fiorentinara Monnecchi.

Gainerakoen etorkizuna ez dago oraindik guztiz argi. Eibarrek hamar jokalariren kontratua (Noelia, Miralles, Andrea Sierra, Espe Pizarro, Andrea Alvarez, Ane Campos, Elba, Amani, Annelie, Van Deursen) ekainaren 30ean amaitzen dela besterik ez zuen azaldu komunikatu batean. Eta klubean argi dute gehienek ez dutela elastiko gorri-urdina janzten jarraituko, baina oraindik kontratua berritzeko negotziatzen ari da batzuekin.

Proiektu berriko lehen fitxaketak ere itxita daude, baina iragarpen horiek eta egiteko dagoen lan guztia dagoeneko Rocio Candalen ardura izango dira. Aste honetan bertan egingo du bere lehen agerraldia Ipuruan.