Carapazek une egokian erasoa jo eta Giroko hamaikagarren etapa eraman du
Sailkapen nagusiko jendea eguneko mendate gogorrenetan mugitu arren, Education First taldeko ekuadortarra nagusitu zen. Pello Bilbao ihesi zihoan boskotea harrapatzeaz bat jo zuen erasoa eta Castelnovo Ne' Montiko helmugan ikusi zuten ondoren.

Richard Carapazek 2019ko Giroa irabazi zuen, eta Tourrean zein Vueltan ere podiuma zapaltzea zer den badaki. Horrez gain, Tokioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu zuen. Sekulako meritua dauka Education First taldeko ekuadortarrak, ia sekula ez baita tropeleko txirrindulari indartsuena. Baina lasterketa inork baino hobeto irakurtzen daki, eta hala erakutsi zuen 2025eko Giroko atzoko etapan ere: Pietra di Bisantuva ez da mendate gogorregia, baina noiz erasoa jo bikain asmatu zuen, hain zuzen ere Pello Bilbao, Wout Poels, Nairo Quintana eta Luke Plapp eta Lorenzo Fortunatok osaturiko ihesaldia harrapatzeaz bat. Behin ihes egin ostean, Castelnovo Ne’ Montiko helmugan ikusi zuten ondoren.
Tropeleko buruek ahalegina egin zuten Carapaz harrapatu nahian, Isaac Del Toro liderra bera buru zela, baina aurreneko mugimenduekin ez zuten harrapatu eta, ondoren, Education First taldeko aztiari mugitzeko tartea eman zioten. Latz sufritu behar izan zuen, egia esanda, Carapazek etapa bereganatuko bazuen, baina sufritzen badakiela erakutsi zuen berriro eta bere palmareseko laugarren Giroko etapa eskuratu zuen.
«Hanka onak izan ditut, eta, etapa arin joan delako, jendea ondoegi ez zihoala konturatu naiz. Orduan, ihesaldikoak harrapatutakoan, jotzen saiatu naiz eta eustea lortu dut», azaldu zuen laburrean Carapazek berak.
Sailkapen nagusian ere gorantz egin du ekuadortarrak, seigarren postuan kokatu baitzen etaparen ostean. Alabaina, eguneko garailerik handienetakoa Isaac Del Toro liderra bera izan zen. Mexikarrak maglia arrosaren presioa ondo jasan zuen, Alpe di San Pellegrino eguneko mendaterik gogorrenean bikain erantzun zien Egan Bernalen erasoei eta, azken mendatean burua erakusteaz gain, sailkapen nagusiko hautagaien arteko esprintean ere buruan helmugaratu zen, sei segundoko gainsaria eskuratuz.
IHESLARIAK «JOLASEAN»
Lorenzo Fortunato eta Wout Poels (Astana), Luke Plapp (Jayco), Nairo Quintana (Movistar) eta Pello Bilbaok (Bahrain) osatu zuten eguneko ihesaldia, Alpe di San Pelegrinno gogorraren ostean egonkortu zena. Sekulako mailako ihesaldia, eta hala ere, arrakastarik ez. Ihesaldia eratu arte txirrindulariek ez zuten bakerik izan eta, hala, aurreneko ordubetean 53 kilometro pasa egin zituen tropelak.
Behin ihesaldia osatuta ere, bost protagonistek, maila handia izan arren, ez zuten lasaitasunik aurkitu. UAEren lanagatik libre ziren, baina Lidl Trek eta Q36 taldeen lanak aldeak asko murriztu zituen etaparen amaiera aldera begira, bereziki Pietra di Bisantuva azken mendatea igo aurretik.
«Atzetik sailkapen nagusikoek ez digute alderik ateratzen laga, eta gu ere aurrean jolasean aritu gara, ez dugulako dena ematerik nahi izan», onartu zuen Pello Bilbaok Castelnovo Ne' Montiko helmugan, galdutako aukera zela-eta, penatan.
Richard Carapaz 2019ko Giroko garaileak itzali zuen behin betiko ihesaldikoen sua. Education First taldeko ekuadortarrak egindako mugimenduaren ostean, Isaac Del Toro liderra bera abiatu zen atzetik, eta horrek mugitu zuen tropela. Atzetik, berriz, Roglic eta Ayusoren arteko nerbio gatazka hasi zen, gainontzeko lider guztiak mugitu arte ez baitziren mugitu. Azkenean, denak artaldean bilduta... Richard Carapaz bera izan ezik.
Tropela bilduta, Carapazek aldetxoari eutsi zion eta, faboritoen markaketa baliatuz, alde hori nabarmenago egitea lortu zuen, mendate gailurra eta helmugara bideko goi-lautadan 20 segundotik gorako aldea ere irekitzea lortuz. Sufritzea tokatu zitzaion ekuadortarrari, hala ere, azken kilometroetan UAEk talde lan bikaina egin baitzuen Del Tororen eta Ayusoren alde. Nolanahi dela, Carapazek eutsi zion abantailari eta, agian indartsuena izan ez bazen ere, aztiena izan zelako lortu zuen garaipena.
Giroko etapa gaur ordekan izango da: 172 kilometro, Modena eta Viadana artean.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
