Chantal Akermanen lana Artiumen ikusgai, Josu Bilbaorekin elkarrizketan
Gasteizko Artium museoak bi erakusketa ireki zituen atzo, Chantal Akermanen “Irudiari aurre egitea”, Claire Athertonen komisariotzarekin eta Josu Bilbaoren “h”. Azken hau azaroaren 30era arte ikusgai egongo da A2 aretoan, eta Athertonena, A1ean urriaren 19ra arte. Batean zinemagile belgikarraren soinua, bideoak eta irudiak diren bitartean, bestean hutsunea da ardatza, gelaren beraren egitura eta izaera kontuan hartutako erakusketa batean.

Chantal Akerman zinemagilearen lana Artium museora ekarri du Claire Atherton bideo editoreak eta, kasu honetan, komisarioak. “Irudiari aurre egitea” erakusketak artista belgikarrak zinema instalazioetan egindako lana du ardatz, batez ere Athertonekin batera urte luzez egindakoa.
Atzo ireki zuten erakusketa, eta urriaren 19ra arte ikusgai egongo da A1 aretoan. Gainera, uztailean artistari buruzko hiru eguneko -14an, 15ean eta 16an- mintegia egingo da museoan, eta Artiumek “Hitzak” sailaren ale berri bat argitaratu du. Hala azaldu zuten atzo egindako aurkezpenean.
Artiumeko zuzendaria den Beatriz Herraezek adierazi zuen Gasteizera iritsi berri den hau 2023an Bartzelonako La Virreinak hartutako izen bereko erakusketa baten bigarren kapituloa dela. Herraezen ustez, XX. mendeko historian barneratzeko balio du.
Barneratzea da, hain zuzen, Claire Athertonek nabarmendu zuen ideia. Aurkezpenean hitza hartu zuenean, 2015ean zendu zen bere lankide eta lagunaren obraren bildumari oharrak erantsi zizkion, eta «erakusketan bertan norberak bere bidea egiteko gonbidapena» egin zuen.
Akermanekin 20 zinema instalazio inguru egin zituela azaldu zuen, bera editore bezala aritzen zelarik. Zinemagilea hildakoan, «museoetan haren lana errespetuz erakusteko aholkua ematen hasi nintzen», azaldu zuen. Horri esker, instalazioak sortzeko modu berri bat deskubritu zuen. Dionenez, «komisario bezala lan egitea Chantalentzat edizio lanak egiten jarraitzea da».
A1 aretoan, iluntasunak zenbait proiekziori -“La Chambre”, “Tombée de nuit sur Shanghai”, “Je tu il elle, l'instalation”, “My mother laughs”, “Marcher à côté de ses lacets dans un frigidaire vide”, “Untitled (D’Est”’ eta “Une voix dans le désert”, besteak beste- bidea irekitzen die. Horrekin batera, tarteka entzuten den ahotsak, Chantal Akermanenak, ikuslea guztiz murgiltzea lortzen du. Akermanen lanek, Artium museoak azaldu duenez, genealogiak eraiki eta proiektatzen dituzte, haren autobiografia osatzen duten emakumeen bizitzak (holokaustotik bizirik atera zirenak) elkartzen dituzte Mexikoko migratzaileekin, ez bakarrik AEBn bizi direnekin, baita Bruselako apartamentuan Akermanen ama zaintzen dutenekin ere. Erakusketaren izenburua, Athertonek esan zuenez, artistak zuzenean grabatzen zuenari, «irudiari aurre eginez» begiratzeko ohituratik dator.
JOSU BILBAOREN «H»
Bideoak, irudiak eta soinuak alde batera utzita, alboan dagoen A2 aretoak Josu Bilbao artista bermeotarraren“‘h” izeneko lan berria hartzen du. Modu horretan bi erakusketek elkar osatzen dute. Hori adierazi zuen Catalina Lozano komisarioak, irudia eta hutsunea eta espazioaren arteko kontrasteari erreferentzia eginez.
Lurrean jarritako kable eta gailu elektroniko batzuk baino ezin dira ikusi gela argi honetan, Estanis Comella artistak erakusketarako berariaz ondu duen soinu pieza batekin. Horrela, azaldu du Bilbaok, «aretoa bera entzun» dezakegu. Izan ere, gela honetarako pentsatutako erakusketa da.
«Egoteko leku bat da», laburbildu du artistak. «Arkitekturaren espezifikotasunarekin, zoruarekin, argiekin, hagekin... elkarrizketan sortutakoa da. Dena osotasun bat da, ez dira pieza autonomoak. Tarteka ikusten den lainoak, gainera, arkitekturaren linea gogorrak biguntzen ditu». Gelarekin elkarrizketan ere, Isabel de Naveran EHUko Arte doktoreak testu bat idatzi du, “Hitzak’”bildumarako.

La Seguridad Nacional impulsa la «batalla del relato» en Euskal Herria

HERRI LIBRE BAT IZATEKO NAHIAK HARTU DU BILBO

«Cada decisión sobre la tortura abre una grieta y ese muro caerá»

Gaztetxo frankistak, lotsagabe
