Estibaliz EZKERRA
kritikaria

Goiz baino beranduago

Errealitateak sortu bezala desegin ditzakete hitzek. Ahotsa eman bezala kendu dezakete hitzek.

Ez baita gauza bera norbait preso edo bahitu izendatzea, norbait hil dela edo hil egin dutela esatea, gertakari jakin bat gerra edo genozidioa dela ezartzea. Horregatik da hain garrantzitsua hitzak tentuz aukeratzea.

«Kontzentrazio esparrua 2025: Gosez hiltzen ari den jendea bero kiskalgarrian kilometroak ibiltzera behartua. Animaliak bezala ilaran jarri eta gutxi batzuei ematen diete jana. Batzuk atxilotu dituzte, beste batzuei tiro egin diete. Israel eta AEBren azken egitasmoa. Gizateriak egin dezakeen okerrena, botere handien eskutik. Honekin guztiarekin amaitu behar dugu». Francesca Albanesek, okupaturiko palestinar herrialdeei buruzko Nazio Batuen kontalari bereziak, gizarte sareen bidez zabalduriko salaketa da.

Deskribatzen duen eszenak Sliman Mansourren “Aberria” (2010) koadroa gogora dakar.

Eszena bera mendebaldeko komunikabideen arabera: salbuespen batzuk kenduta, askok laguntza humanitarioa jasotzera joandako milaka palestinarren pilaketak eragindako “kaosa” izan dute hizpide.

600 egun bete berri dituen genozidioaren eragileei epaitegietan kontuak eskatzeko ordua goiz baino beranduago heltzea espero du Albanesek.

Haien artean ikusi nahi ditu zenbait kazetari eta hedabide.