NAGORE BELASTEGI

Baso bat duen patioa, naturari kendutako espazioa itzultzeko

Urduñak naturarekin harreman estua du, naturaz inguratuta dagoelako. Hori dela eta, Herri Eskolak proiektu ederrak garatu ditu izadiari helduz. Alde batetik, jangelako menua aldatu dute lehen gaiak bertakoak izan daitezen, eta, bestetik, patioa eraldatu dute porlana altxatu eta baso bat landatzeko.

Herriak naturarekin harreman estua duenez, eskolak ere bere harremana indartu nahi izan du bere proiektuekin.
Herriak naturarekin harreman estua duenez, eskolak ere bere harremana indartu nahi izan du bere proiektuekin. (URDUÑAKO HERRI ESKOLA)

UrduñakoHerri Eskolak proiektu ugari garatu ditu duela 30 urte martxan jarri zenetik, baina azken boladan naturarekin harremana indartzean oinarritzen diren bi dira nagusiak, eta batak bestea ekarri zuen.

«Hasiera batean jangelan egin genuen aldaketa. Tokiko lehengaiekin egindako menua eskaintzea lortu dugu; ahalik eta gertuenekoak eta ekologikoak», kontatu digu Enartze Larrakoetxeak, eskolako zuzendariak. Hori zen gurasoek eskatzen zutena, Urduñan eta eskualdean badaudelako lehen sektorean lan egiten duten hainbat ekoizle, eta aprobetxatzea erabaki zuten beraiek ekoizten duten guztia eskolara eramateko. Hori lortu zen eta jangelako menu hori martxan dago zazpigarren urtez. «Naturak ematen diguna jaten hasi ginen, eta, gainera, bertakoa», esan du.

Ekimen horrekin lotuta, beste pauso bat ematea erabaki zuten, Urduña naturaz inguratura baitago, eta gauzak beste modu batera egiteko aukera ez zuten galdu nahi. Hala, eskola eraikitzean naturari kendutako espazioa berreskuratu nahi izan zuten patioa eraberrituz. «Patioko porlana altxatu eta berriro belarra eta zuhaitzak landatzen ibiltzen gara. Baso jangarria landatu eta ereiten dugu, eta prozesu osoa umeekin egiten dugu. Ez garai batean genuen baratzea bezala, letxugak landatu etxera eraman ahal izateko; ez, orain asmoa ez da hori. Produkzioa atera baino, prozesua ikusi eta horretatik ikasi nahi dugu. Urmael bat ere jarri dugu», adierazi du Larrakoetxeak.

Esku-hartzearen aurretik patioaren berdeguneek %25 soilik hartzen zuten. Orain 176 metro koadro itzalgune berri sortu dira, eta naturalizatutako espazioak azalera osoaren %52 hartzen ditu. Hormigoia kendu dute eta zuhaitzak, landareak, barazkiak eta loreak jarri dituzte. Urmaelak euri-ura erabiltzen du, eta ondoan edateko ura duen iturri bat dago.

Bi proiektu hauek, batak bestea ekarri duena, udalarekin eta Guraso Elkartearekin elkarlanean lortu dira. Kale espazioa badute, beraz, eta orain eskolako langileak espazio horri zuku guztia ateratzeko formakuntzak eskaintzen ari dira, naturak eman ahal digun ikasketa hori guztia umeei irakasteko. Sendabelarrak, ukendua nola egin, zein landare diren jangarriak, urmaelean zein bizitza sortzen diren, ekosistemak nola egon behar duen orekatuta... eta ez bakarrik eskola eremuan, baizik eta ingurunean ere bai.

Zuzendariak kontatu digunez, ibilbide pedagogikoak egiten dituzte eta gertu dagoen baso-eskolara joaten dira ikasleekin oinez. Gainera, udalak duela gutxi interbentzio bat egin zuen erreka bazterrean eta «nahiko txukun geratu da ikasleekin joan ahal izateko». Hori dela eta, asmoa da datorren ikasturtera begira astero-astero joatea errekako bizitza aztertzeko, eta gauza berriak ikasteko.

JAIAN ERE, BERTAKOA

Eskolako jangelaren ildoari helduz, gaur Eskola Publikoaren Jaian eskainiko den janaria ere bertakoa, eskualdekoa, izango da. Are gehiago, produktu bat ikasleek beraiek ekoiztutakoa izango da: «Hamaiketakoan eskolan egindako sagar zukua eskainiko da. Urtero bosgarren mailakoek sagar bilketa egiten dute, gero sagar zukua egiteko». Egun osoan zehar eskaini nahi izan balute ere, ezingo dute, eta hamaiketakora mugatuko da jada botilak amaitzen ari direlako. Ez galdu Urduñako txikiek egindako gutizia hori dastatzeko aukera!