Lurra, herria eta eskola oinarrian dituen jaia
Herritarrek eskola publikoa nahi zuten Urduñan, ez baitzegoen, eta haien indarrari esker sortzea lortu zuten duela 30 urte. Ospakizun horrekin, eta ilusioz gainezka, hartuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. edizioa igande honetan.

Duela 30 urte sortu zen Urduñako Herri Eskola, aurten Euskal Eskola Publikoaren Jaia hartuko duen zentroa, Ordiziako eskolari lekukoa hartuz (1994az geroztik ekaineko lehen igandean ospatzen da). Herrian eskaintza publikoaren beharra sumatu, eta horrela jaio zen hezkuntza proiektu eder hori. Hunkigarria izan da dena prestatzea, garai hartan irakasle zirenen babesa ere izan dutelako, eta sorreran zein gaur egun eskolak dituen indarguneak azaleratu nahi izan dituzte. Hortik, aukeratu duten leloa: “Lurra, herria, eskola. Errotu”.
Euskal Eskola Publikoaren 32. jaiaren leloarekin bat eginez, «lurrean eta herrian dagoen hezkuntza-eredu publikoa aldarrikatu» nahi dute. Lurra, ingurune natural batean inguratuta dagoelako Urduña, eta lurrak ematen dienaz baliatuz, elikadura burujabetzaren aldeko apustua egin zutelako 2018-2019 ikasturtean.
Herria, herritarrek lortu zutelako herri eskola sortzea, eta bere garaian ulertu zutelako «publikoa izango zen eskola batetik soilik bermatu zezaketela belaunaldi berrien euskalduntzea».
Hirugarrenik, eskola; sistema publikoaren aldeko instituzioen apustua beharrezkoa dela uste dutelako, baliabide gehiago eta inbertsio handiago batekin beharrei eraginkortasunez erantzuteko gai izango direlako, Urduñan zein beste edozein herritan.
Hiru osagai horiek batuz, indarrez dator Urduñako jaia, egitarau oparoarekin (puzgarriak, tailerrak, musika, kalejirak, kale antzerkia, kontzertuak, pailazoak…). Lau gune izango ditu: Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta, jakina, eskola. Eta horiei ohiko gune ibiltaria gehitu behar zaie.
Igandeko jaiak, beti bezala, eskola komunitate osoa batuko du. Hori dela eta, EAEko txoko guztietatik gerturatzera animatzen dituzte denak.
NORABIDE BEREAN IGERI
30 urte hauetan erronka desberdinei aurre egin behar izan diete, baina eskolan duten irakurketa oso positiboa da. Izan ere, jaiotza tasa gero eta baxuagoa den Euskal Herri batean, Urduñako eskolak gero eta matrikula gehiago ditu, eta instalazioak txiki gelditzen ari zaizkie.
Enartze Larrakoetxea zuzendariak azaldu duenez, erabilera komuneko espazioak ere erabiltzen hasi dira, lerro bakarreko eskola izanda ere, bi geletako mailak badituztelako. «Gurasoek DBH ere eskaintzea eskatzen digute, baina beste ziklo bat gehitzeak eraikina handitzea suposatuko luke», kontatu digu; familiak pozik dauden seinale.
Hori, neurri handi batean, herriaren beraren zein familien indarrari esker izan da, orain arte Udalean egon diren ordezkariek zein osatu diren guraso elkarteek lan handia egin dutelako eskolaren alde, denek batera norabide berean igeri eginez.
Orain, Urduñako txikitxoenak herrian bertan dagoen Haur Eskolara joan daitezke. Eskolan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza egiten dute umeek, eta Bigarren Hezkuntzatik aurrera, berriz, Amurrioko Zaraobe institutuan jarraitzen dute. Dena sare publikoan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
