GARA
URDUÑA

Herri baten maitasunetik sortutako eskolaren festa ospatu du Urduñak

Urtebetean ilusioz dena prestatzen aritu ostean, Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatzeko unea iritsi zen. Urduña Herri Eskolak Ordiziako eskolari lekukoa hartu eta egun osoko egitaraua prestatu zuen, aurrera begira baina iragana ahaztu gabe. Ondo pasatzekoa izan zen, baina egiteko gelditzen dena aldarrikatzeko ere balio izan zuen.

Galletak egiteko txokoak jolasteko aukera eman zuen.
Galletak egiteko txokoak jolasteko aukera eman zuen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Urduñan ospatu zuten atzo Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 32. edizioa. Aurten eraberritu duten patioan hasi zuten festa, non eskolako ordezkariek hitza hartu zuten. «Duela 30 urte Urduña Herri Eskolaren alde borrokatu zirenek argi zuten euskara eta euskal kultura sustatzeko beharra, belaunaldi berriak euskalduntzeko eta gure hizkuntza berreskuratzeko», adierazi zuten.

Oso harro daude herrian, eskola herritarren indarrari esker lortu zutelako, eta haiei eskerrak emateaz ez dira nekatzen, egun errotuta dagoen eskola denez. «Errotu» izan da, hain zuzen ere, hautatutako leloa, ezaugarri horri eutsi nahi diotelako.

Egitarau aparta prestatu zuten, egunean zehar den denek gozatzeko, lau gunetan banatuta. Baina aldarrikapenerako tartea ere egon zen. Eguerdian batukada atera zen herriko kaleetan barrena, Eskola Publikoaz Harro plataformaren eskutik.

«Plataforman lan egiten jarraitzen dugu, Eusko Jaurlaritzak Eskola Publikoari lehentasun osoa eman diezaion», zabaldu zuten sareetan Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak.

Bazkalorduan, eskolak duela urte batzuk martxan jarri zuen ildoari heldu zioten: bertako produktu ekologikoak eskaintzea. Horrenbestez, Urduñako festan jan zena kalitatezkoa izan zen. Herri eskolako haurrek beraiek ekoitzitako zukua ere eskaini zuten hamarretakoan.

POLITIKARIEN IKUSPUNTUA

Honelako festetan ohikoa denez, politikariek euren adierazpenak egiteko aprobetxatu zuten. Hala, Podemosek ohar baten bidez, Eskola Publikoa «euskal hezkuntza sistemaren ardatz egituratzaile» gisa indartzearen aldeko apustua egin zuen. Era berean, «kontzertazioaren bidez kudeaketa eta interes pribatuetara» funtsak desbideratzen jarraitzea gaitzetsi zuen.

«Ezin dugu jarraitu beste alderdi batzuek sustatutako eredu bidegabe, insolidario, segregatzaile eta pribatizatu honekin», adierazi zuen.

Bestalde, Lakuako hezkuntza sailburu Begoña Pedrosak baieztatu zuen bere sailak eskola publikoa indartzeko nahia duela ikuspuntu pedagogiko «anbiziotsu» batekin eta baliabide, azpiegitura eta hezkuntza antolakuntzan inbertsioak eginez.

«Kalitatezko hezkuntza garatzea da gizarte batek egin dezakeen apusturik onena», ohartarazi zuen Urduñan egin zituen adierazpenetan. Hezkuntza eredu «eraldatzaile, parekide eta errotu» baten aldeko pausoak ematen jarraituko duela nabarmendu zuen.

Irakasleen gaitasunak indartzea eta euskara sustatzea garrantzitsuak direla esan zuen sailburuak. «Euskara ez da irakaskuntza hizkuntza bat soilik. Bizitzeko modu bat da, komunitatea eraikitzeko modu bat, hemen jaio zirenen eta ondoren iritsi direnen arteko zubiak eraikitzeko modu bat», adierazi zuen, euskara eskola publiko «integratzaile» baten erdian kokatuz.