Gaizka IZAGIRRE
Zinema kritikaria

Jostailu hautsiak

HBOk iragarri du: “Harry Potter”-en unibertsoan oinarritutako telesailak baditu jada bere hiru protagonistak. Hiru haur dira: Dominic McLaughlin (15 urte) izango da Harry Potter, Arabella Stanton-ek (11 urte) Hermione Granger gorpuztuko du eta Alastair Stout-ek (10 urte), Ron Weasley. Ez da kasualitatea umeak aukeratzea. Hautu horretan badago itzulera baten desira: istorioaren muinera hurbiltzeko ahalegina.

Albiste honekin batera, ordea, ezinbesteko ohar bat plazaratu beharra dago: errukia eta erantzukizuna izan dezatela sare sozialek, hedabideek, jarraitzaileek eta sasi iritzi-emaileek. Hiru haur irudi publikoaren zirku erromatarrera bultzatuak izateko zorian daude. Garaia ez da samurra: presioaren eta toxikotasunaren aroan bizi gara, non akats oro, keinurik txikiena edo esaldi inozoena ere izugarri puztu daitekeen.

Entretenimenduaren industriak «jostailu hautsien» bilduma zabal eta mingotsa utzi digu: izar bihurtutako etorkizun handiko gazteak, ospe goiztiarrak eta babes faltak irentsita, miresmenetik mespretxurako bidea azkarregi egin dutenak. Lehenik goratu, gero baztertu. Aspaldiko kontua da. Tamalez, oraindik gertatzen dena.

Fokuen azpian hazteko garai latzenetako batean gaude. Horregatik, ezinbestekoa da gogoan izatea: protagonistak haurrak dira, oraindik bidea egiten ari diren pertsona babesgabeak.